Nafarroan «norabide aldaketa» bultzatzeko, mobilizaziorako deia egin du Herri Ekimenak
UPNren Gobernuaren aurrekontuak errefusatzeko erabakia poztasunez hartu du Herri Ekimenak, baina dei egin dio oposizioari, «jendartearen beharrrei erantzuteko gai ez den» Exekutiboaren kargu-uztea lortzeko. «Norabide aldaketa» horretan, mobilizatzeko beharraz ohartarazi dute.
Askotariko gizarte mugimenduak biltzen dituen Herri Ekimenak elkarretaratzea egin du Nafarroako Parlamentuaren atarian, UPNk aurkeztutako aurrekontuen errefusatzearen inguruko balorazioa plazaratzeko.
Nabarmendu dutenez, urte osoan zehar egondako mobilizazio maila «erabakigarria» izan da eta pozik hartu dute gertatutakoa, «UPNk aurkeztutako aurrekontuek zekartzaten murrizketen politika, prestazio sozialetan mugak eta zerbitzu publikoen hondaketa geldiarazi baitugu».
Hala ere, aurrekontuok errefusatzearen ondorioa iazkoak luzatzea da, «eta aurrekontu horiek defizit publikoaren mugatzea zuten helburu, bankuen interesak nagusituz, langabezia areagotuz eta hiritarren lan baldintzak kaltetuz».
Zentzu horretan, behar sozialak asetuko dituen bestelako politika bat aplikatzeko beharra nabarmendu dute. Horregatik, dei egin diote oposizioari, jendartearen beharrei erantzuteko gai ez den oraingo gobernuaren kargu-uztea» ados jar dadin.
Gobernu aldaketa bat «soilik» onartuko ez dutela azpimarratu ondoren, baliabideen banaketa egiterakoan eta neurri fiskaletan aldaketa sakonak exijitu dituzte.
Nafarroan bestelako jendarte eredu bat irekitzeko aukeraren aurrean, mobilizatzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute eta, bide horretan, Herri Ekimenak abenduaren 15erako deitutako manifestazioan parte hartzeko gonbitea egin dute.