Katalunian indar subiranistek gora egin dutela nabarmendu dute Alternatiba, Aralar eta EAk
Kataluniako hauteskundeen balorazioa eginez, erabakitze eskubidearen aldeko indarrek bozetan izan duten gorakada nabarmendu dute Alternatiba, Aralar eta Eusko Alkartasunak. ERC edo CUP bezalako alderdiak izan dituzte hizpide euren esanak arrazoitzeko orduan.
Euskal alderdiek gerturik bizi izan dituzte Kataluniako hauteskundeak eta emaitzak eskuan izan ostean, hauen inguruko balorazioa egiteko parada izan dute. Orokorrean, ideia nagusi bat: erabakitze eskubidearen aldeko indarrek izan duten gorakada.
Alternatibak bi zentzutan baloratu ditu emaitzak. Batetik, ezkerreko indar subiranistek izan dituzten emaitzak goraipatu ditu eta, bestetik, CUP Kataluniako Parlamentuan sartzea nabarmendu du, 126.000 botu baino gehiago lortuta.
Alderdiak CUPen mitin bat baino gehiagotan hartu du parte.
Aralar izan da Kataluniara begirada bat bota eta hauteskundeak baloratzeari ekin dion beste alderdietako bat. «Erabakitze eskubidearen bidean pausu garrantzi bat eman du Kataluniak», dio Aralarren oharrak.
Subiranotasunaren aldeko bozkak gora egin duela nabarmendu du honek ere eta arrazoi zehatz bat eman du horretarako: ezkerro indarrek izan duten gorakada. Ildo honetan, ERC zoriondu du bereziki bere emaitzengatik.
EAk, Ikerne Badiolaren hitzetan, ERCk izan duen gorakada nabarmendu du eta modu horretan Katalunia «argi eta garbi» subiranista dela azaldu du. «Gizarteak independentziaren aldeko bozka nabarmena eman du», aipatu du Badiolak.
Emaitza hauen ostean, ERC da CIUren berme bakarra kontsulta subiranista aurrera eramateko EAko Komunikazio arduradunaren ustetan. Era berean, ERCren jardunak «galarazi» egingo du CIUk atzera egitea, Badiolaren esanetan.