INFO

Bake iraunkorra lortzeko «sortzailea» izan beharko dela adierazi dute adituek

Gatazka jakin batean erabilitako formulek ez daukatenez zertan beste batzuetan aplikagarriak izan, imajinazioa baliatu eta sortzaile izateko gomendioa egin dute nazioarteko adituek Baionako Bake Bidea forumaren baitan.

Brian Currin abokatu hegoafrikarra, Lokarriko ordezkari Paul Riosen ondoan. (Gaizka IROZ)

Brian Currin Hegoafrikako abokatua, Raymond Kendall International Contact Group-eko kide eta Interpoleko zuzendari nagusi ohia, Andy Carl Conciliation Ressources egiturako Zuzendari nagusia eta Hans-Joachim Giessmann Berghof Fundazioko zuzendari nagusia elkartu ditu, Bake Bidea forumeko arratsalde hasierako mahai inguruak.

Lau hizlariek Aieteko Adierazpenaren ondotik bakearen bidea eraikitzeko eman beharreko urratsen inguruan gogoetak azaldu dituzte. Aieteko Adierazpenetik bete den puntu bakarra ETAren borroka armatuaren etena izan dela nabarmendu dute, eta Paris zein Madrilgo Gobernuek duten inplikaziorik eza azaleratu.

Kendallek argi utzi du goiz hala berandu bi Estatuek gertatzen ari dena kontuan hartzera behartuak egongo direla, besteak beste, gizarte eragileen parte hartzeari eta Europari esker.

Horrekin gatazka guztiak ezberdinak direla gogoratu dute hizlariek, eta gaineratu leku batean funtzionatu duen formula ezin daitekeela gatazka guztietan aplikatu. Horrenbestez, konponbidea aurrera eramateko formula zehatzik ez denez, «imajinazioz» jokatu eta «sortzailea» izan beharko dela azpimarratu dute.

Halere, Giessmannek egin beharrekoak zenbait pista eman ditu: zatiketak indartzen dituen instituzioei maskara kendu, paradigmoa aldatu behar da gerra irabazi erran ordez bakea irabazi esanez, eta, aurkalarien artean konsenso bat finkatzea itxaron.

Currinek, azkenik, Hego Euskal Herriko alderdiak batetik eta Ipar Euskal Herriko alderdiak bestetik, biltzeko sortu diren alderdien arteko mahaien finkapena txalotu du.