INFO

Istiluak izan dira Belfasten, bosgarren egunez jarraian

Manifestari unionistak Belfasteko Poliziaren aurka oldartu dira bart, bosgarren egunez jarraian, hiriko Udaletxetik bandera britainiarra kendu dutela-eta izaten ari diren istiluen baitan.

Poliziaren ibilgailuak eta unionistak aurrez aurre, bart. (Peter MUHLY/AFP)

Aurreko lau gauetan bezala, bart ere istiluak izan dira Belfasten, unionista eta Poliziaren artean, bandera britainiarra Udaletxetik kendu dutela-eta.

Unionistak Poliziaren aurka oldartu dira eta molotov koktelak, golf pilotak eta adreiluak bota dizkiete eta, ordainetan, segurtasun indarrek presiopeko ura bota diete. Plastikozko borrak ere erabili dituzte manifestariak joanarazteko, ‘The Guardian’ egunkariak dakarrenez.

Istiluak Catlereagh inguruan izan dira gehienbat, baina Newtonwards-eko errepidean ere barrikadak jarri dituzte.

Lau lagun atxilotu dituzte. Joan zen ostegunean istiluak hasi zirenetik ehunetk gora pertsona atzeman ditu Poliziak.

Belfasteko Udalak duela hilabete erabaki zuen bandera britainiarra Udaletxetik kentzea eta urtean 17 egunetan bakarrik jartzea, oroitzapenezko datetan.

Peter Robinson Irlanda iparraldeko lehen ministroa, unionista, erabakia «presazkoa eta probokatzailea» dela esan du eta istiluak amaitzeko eskatu du.