Giro bikaina eta jendetza, manifestazio aurretik
Areatza eta Bilboko Alde Zaharra jendez gainezka daude arratsaldeko manifestaziorako giroa berotzen. Herri kirolak, komikilariak eta kalejirak izan dira eguerditik.
Herrira mugimenduak Areatzan jarritako karpa jendez gainezka dago eguerditik. Goizeko 11.00etan ireki ditu ateak eta ekitaldi andana burutu dituzte presoen eskubideen aldeko manifestaziorako giroa berotzeko.
Herri kirolak, komikilariak eta Marijaia bera ere gerturatu da Bilbora ekimenari sostengua ematera. Nazabal, Azurmendi eta Atutxa aizkolariek erakustaldia egin dute eta baita ere AImar Irigoien, Ostolaza eta Telleria harrijasotzaileek.
Bestalde, Tasio, Asisko Urmeneta eta beste komikilari batzuek erakusketa bat antolatu dute karparen inguruan. Goizean zehar musikari ezberdinak ere taula gainera igo dira eta Ekinklik ekimenaren bitartez, dispertsioaren aurkako argazkiak egiten ari dira.
Parte hartzen duten guztiek www.1000aurpegi.ekinklik.org webgunean argazkiak ikusteko aukera izango dute.
Bilboko Alde Zaharretik ere giro bikaina dago. Batukadak eta trikitilariak Zazpi kaleak alaitzen ari dira eta Somera esaterako, jendez gainezka dago.