INFO

Ezkutatuta zeuden Oarsoaldeko gazteak euskal gazteriaren aldeko manifestazioan agertu dira

Eleak mugimenduak deituta euskal gazteriak politikan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute Donostian. Ehunka lagunek parte hartu dute manifestazioan eta horren ondoren Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio eta Arkaitz Anza ezkutuan zeuden gazteak Maria Kristina hotelean kateatu dira. Hamarka lagunekin batera zeudela atxilotu ditu Ertzaintzak.


Ehunka lagunek euskal gazteriak politika egiteko duen eskubidea aldarrikatu dute gaur goizean Donostian. Eleak mugimenduak deituta manifestazioa egin dute eta bertan izan dira ezkutatzeko hautua egin zuten Oarsoaldeko hiru gazteak.

Izan ere, une honetan atxilotu eta espetxeratzeko arriskuan daude Errenteriako bost gazte eta donostiar bat eta elkartasuna adierazteko eta gazte mugimenduaren zilegitasuna aldarrikatzeko deitu zuen manifestaziora Eleak mugimenduak. Sei gazteek mobilizazioan parte hartu dute.

«Euskal gazteria libre eta legala» goiburupean izan da manifestazioaren leloa eta hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileren babesa izan du.Besteak beste, EH Bildu, Alternatiba eta Eusko Ekintza alderdiek, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, Donostiako Udalak, Lokarrik, Askapenak eta Gazte Abertzaleek bat egin dute mobilizazioarekin. 

Eleak mugimenduko eledun Txerra Bolinagak euskal gazteriak jasanten duen jazararpena salatu du eta datozen hilabeteetan 40 gazte epaituak izango direla gogoratu du.

Kateaketa eta atxiloketa

Manifestazioaren amaieran hitza hartu du Maitane Linazasorok ezkutatzea erabaki duten beste gazteekin batera eta elkartasun oihuak entzun dira. Ekitaldia bukatutzat eman ondoren Maria Kristina hotelean kateatu dira hiru gazteak.

Hamarka lagunek haien inguruan eserialdia egiten ari zirela, Ertzaintza agertu da eta hiru gazteak atxilotu ditu. Ez da inolako istilurik sortu.