Alerta horia eta laranja ezarri ditu Lakuak Gipuzkoako hainbat ibaien egoera dela-eta
Deba, Urola eta Urumea ibaiak alerta horian aurkitzen dira azken orduetan izandako euriteengatik. Oria alerta laranjan dago, Tolosan eta Lasarten hartutako garaiera dela-eta.
Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, Deba, Urola eta Urumea ibaiak alerta horian aurkitzen dira baina, momentuz, ez da uholderik sortu.
Azken egunetan botatako euri jasa bortitzek hainbat ibaien garaiera areagotu du. Oriaren kasuan, esaterako, alerta laranja ezarri dute, Tolosan eta Lasarten dezente hazi delako.
Euskal Herriko hainbat tokitan lubiziak jazo direla gaineratu dute iturri berberek, baina arazo larririk sortu gabe. Azkena Hondarribian gertatu da, Interlimenen.
Bestalde, Bizkaian, Alonsotegi eta Gueñesen, Kadagua ibaiak gainezka egin du, azken orduotako euriteen ondorioz.