INFO

Ekaitz de Ibero gaztea atxilotzen saiatu da Ertzaintza

Espetxean sartzeko agindua duen Ekaitz de Ibero donostiarra atxilotzeko asmoarekin agertu zen atzo Ertzaintza haren etxean, baina gaztea ez zegoen bertan une horretan.

Ekaitz de Ibero gazte donostiarra. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Topatu.info webguneak jakinarazi duenez, Ekaitz de Ibero gazteak berak sare sozialen bidez jakinarazi du atzo bera atxilotzen saiatu zela Ertzaintza.

Arratsaldeko 15.40 inguruan gerturatu ziren ertzainak gaztearen etxean, baina ezin izan zuten atxilo hartu, ez zegoelako bertan.

Ondoren, gaueko 22.00ak aldera, haren etxera hots egin zuten gazte donostiarraren sakeleko telefonoaren zenbakia eskatzeko.

Iragan astean bukatu zitzaion Ekaitz de Iberori bere burua espetxean aurkezteko epea, baina iragarri zuenez, ez du «kartzelako atea joko».

Gainera, bihar berrikusiko du Auzitegi Gorenak Madrilgo Entzutegi Nazionalak, Segiko kide izatea egotzita hamabost gazteri ezarritako zigorrak, tartean Ibero bera.

Zita horren harira, arratsaldeko 19.00etan, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Artzain Onaren plazan, ‘Euskal gazteria libre eta legala! Torturarik ez!’ lemapean.