Juan Ramon Rojo aske geratu da, espetxean 21 urte eman ondoren
21 urte espetxean igaro dituen Juan Ramon Rojo preso politikoak askatasuna berreskuratu du, Etxeratek jakinarazi duenez. Arratsaldean irten da Darocako espetxetik.
1992. urtetik espetxean dagoen Juan Ramon Rojo irundarra aske geratu da 15.00ak aldera, Darocako espetxetik.
Zigorra abenduaren 3an bete zuen, baina euskal preso guztiekin egiten duen bezala, Espetxe Erakundeak haren kasua Auzitegi Nazional espainolari igorri zion, 197/2006 doktrina aplikatuko zioten edo ez erabakitzeko.
Entzutegi Nazionaleko plenoak bi aldiz bozkatu zuen afera, eta bietan berdinketa eman zen. Hori dela-eta, Eztabaida Aretora pasa zuten gaia, eta gaurko gai-ordenean zegoen.
Efe agentziak auzitegiko iturriak aipatuz zabaldu duenez, hamar epailek aske uztearen alde bozkatu dute, eta zortzik aurka.