INFO

Garbiketa kanpaina

Zenbakia beldurgarria da: segundu bakoitzeko 206 kilo hondakin isurtzen dira mundu osoko itsasoetara. Uretako hondakin kopurua etengabe hazten doa, eta txarrena zera da, zabor hori guztia ez dela inoiz berez desegingo. Dagoeneko bota duguna garbitu beharra dago, baina, batez ere, botatzeari uztea da hil edo bizikoa. Surfrider erakundea da lan honetan ari direnetako bat, eta Euskal Herrian dabil egunotan. Donostiako Zurriola hondartzan topatu dugu garbiketa brigada.

Mariaren Bihotza eskolako haurrek Zurriolako hondartza garbitu zuten. (Gotzon ARANBURU)

Uretako hondakinen %80 lurretik dator eta euriak, haizeak eta ur-ibilerek garraiatzen dituzte itsaso eta ozeanoetara. Hondartzetara iristen diren hondakinen artean %70-90 plastikoa da. Inbasio horri erantzuteko, Surfrider Foundation erakundeak garbiketa kanpainak abiarazi ditu munduan barrena; iaz 55.000 laguntzaile elkartu ziren bost kontineentako 44 herrialdetan 1.230 hondartza, laku, erreka eta itsas hondo garbitzeko. ‘Ocean iniciatives’ izeneko egitasmo honen emaitza 28 autobus beteko lituzkeen hondakina biltzea izan zen.

Hemezortzi urte daramatza Surfrider taldeak itsasoak garbitzen. Lan horren helburua ez da soilik hondakinak jasotzea, baizik eta herritarrak kontzientziatzea, kontsumo jarrerak alda ditzaten, baita erakundeak eta enpresak egoeraren larritasunaz jabetu daitezen lortzea ere. Eta ez da aritzen bakarrik itsasertzeko herri eta hirietan: «Kostaldetik ehunka kilometrora bizi direlako gizakiaren ekintzek ozeanoak kaltetu ditzaketela jabetu ez diren horiengan pentsatzen dugu gehien» esan digu Sabina Hourcade lapurtarrak, Zurriolako hondartzan.

Donostiako Mariaren Bihotza ikastolako umeak izan dira Zurriolako hondartza garbitzen, maisu-maistren eta begiraleen laguntzarekin. Kontxakoa ere garbitu dute, Orixe ikastolakoek. Poltsa mordoa bete dute ordu betean, eta Sabinak hondakin mota bakoitzarekin ezaugarriak azaldu dizkie. Hogei ekimen izan dira guztira Gipuzkoan eta Bizkaian, horien artean Orioko, Getariako, Getxoko eta Sopelako hondartzak garbitzea eta Pasaiako portuko itsas hondoetako zikinkeria ateratzea, azken hau urpekarien bidez. Ipar Euskal Herriko hondartzetan ere, martxoaren 21etik 24ra aritu dira lanean Surfrider elkartekoak. Angelun, Biarritzen, Bidarten eta Getarian orain arte ikusi gabeko hondakin mota bat topatu dute, hain zuzen ere hiru zentimetroko plastikozko pieza borobilak, seguru asko ur-arazketarako instalazioren bateko filtroetatik askatutoak. 

Aipatu plastiko inbasio horri aurre egiteko, Surfrider erakundeak ‘Rise Above Plastics (Murriztu dezagun gure plastiko-aztarna)’ kanpaina abiarazi du, hau da, behin bakarrik erabil daitezkeen plastikoen erabilera txikitzeko egitasmoa. Atal honetan ere zenbakiak ikaragarriak dira, urtean 500.000 milioi plastiko poltsa erabiltzen baitira munduan barrena. Horietako askok, jakina, itsasoan bukatzen dute. Hondakin horien gehiengoa hondora joaten da, baina gainerako guztia uraren gainean geratzen da, eta gero itsasertz eta errekastoetan topatzen ditugu. Baina begibistan ikusten duguna baino gehiago dago, hondakin handiak eta hondakin txikiak bereizi behar baitira, hau da, bost milimetro baino gutxiago dituzten partikulak. Eta hauetaz josita daude itsasoak eta arrainak. Planetako zenbait tokitan, planktoia baino sei aldiz plastiko gehiago dago, eta urtero milioi bat itsas hegazti eta 100.000 itsas dordoka hiltzen dira, hondakinak irensteagatik edo horiekin korapilatzeagatik.

Hondakin gehienak, belarriak garbitzeko bastoitxoak

Iaz bi garbiketa kanpaina izan ziren bereziki aipagarriak Europan. Bata Portugalekoa, non berrogei kilometro hondartza garbitu zituzten bolondresek, eta zera aurkitu zuten: jasotako hondakinen gehiengoa belarriak garbitzeko erabiltzen diren bastoitxoek osatzen zutela. Eta bestea, Hamburgokoa. Han 1.700 kilo hondakin bildu zituzten lau egunetan. Surfrider prest dago aholkularitza eta materialeak eskaintzeko edonon garbiketa kanpaina hasi nahi duen edozein elkarteri; jakinaraztea besterik ez du eskatzen.

Herrialde aberatsetako biztanleok plastiko asko kontsumitzen dugu, baina birziklatu gutxi. Mendebaldeko Europan eta Ipar Amerikan, pertsonako eta urteko 100 kilo erabiltzen ditugu. Birziklatu, %5 bakarrik. Europari soilik dagokionez, energia lortzeko birziklatzen den plastikoa %25 eta %80 artean dago, baina azken datu hau Suitzan eta Norvegian baino ez da lortzen.

Surfrider mugimendua Kaliforniako Malibun sortu zen 1984an, hango surflarien eskutik. Surfrider Europe, berriz, Euskal Herrian jaio zen, Tom Curren surflari profesionalaren ekimenez. Curren, hiru aldiz munduko txapelduna izandakoa, Biarritzen bizi zen 1990an, eta Lapurdiko itsasertzean jabetu zen itsasoko hondakinen arazoaz. Gaur egun 1.500 bolondres, 10.000 kide, eta berrogei toki-erakunde ditu fundazioak Europan barrena. Kasualitatez, surflari amerikar horietako bat Donostian ikasten ari da aurten, EHUn, eta Zurriolara gerturatu da, laguntzera. «Estatu Batuetan oso zabalduta dago mugimendu hau, eta poztekoa da hemen eskola-umeetara ere iritsi dela ikustea» diosku, bere kamisetaren logotipoari argazkiak egitera gonbidatzen gaituen bitartean.