INFO

Eleak: «Eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik zigortu dituzte»

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Donostiako kaleetan Auzitegi Gorenak hiriburuko gazteen kontra hartutako ebazpena errefusatzeko eta bigarren mobilizazio bat deitu dute larunbaterako. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da Bulebarretik.

Jendetza bildu da Donostian gazteen kontrako ebazpena salatzeko. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Auzipetuak buru, arratsaldeko 19.00ak pasa abiatu da Donostiako Bulebarretik Auzitegi Gorenak Donostiako zortzi gazteren kontra ebatzitako zigorraren aurkako manifestazioa. Jende andanak egin du bat deialdiarekin. Txistuka, ohiuka eta burrunbaka zeharkatu dituzte hiriburuko kale nagusienak. Haiekin batera izan dira Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kidea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Manifestazio amaieran ekitaldia burutu dute. Bertan, Bolinagak gogorarazi du guztira bederatzi direla espetxeratzeko arriskuan diren gazteak. Bederatzi eta ez zortzi, auzi honetan Ekaitz de Ibero absolbitu badute ere, beste kasu batean auzipetua jarraitzen baitu gazteak.

Eskubide zibil eta politikoak, «gure eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik» zigortu dituztela ohartarazi du Eleak mugimenduko kideak.

Oier Lorentek hartu du hitza auzipetuen izenean. Beraiena ez dela auzi isolatu bat esan du, eta epaiketa politikoen aurka mobilizatzeko deia luzatu du.

«Denok elkarrekin aurrera egin behar dugu. Oraingoan ez, baina lortuko dugu, geldituko ditugu epaiketa politikoak», nabarmendu du.

Ildo horretatik, beste manifestazio bat deitu dute datorren larunbaterako, arratsaldeko 17.00etan, Donostiako Bulebarretik abiatuta.

Manifestazioa amaitu ondoren, zenbait gaztek Bulebarreko errepidean eserialdia egin dute bidea moztuz. Bertan egon dira minutu batzuez eta, protesta amaitutzat eman aurretik, ‘Utzi bakean Donostiako gazteak’ zihoen pankarta utzi dute bide erdian.