INFO

Onkologikoko langileek mobilizazioak hasi dituzte

Donostiako Onkologikoko langileen mobilizazioak hasi dituzte, institutuaren etorkizuna bermatu dadila aldarrikatzeko.

Onkologikoko langileek arratsaldean egin duten elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Onkologikoko enpresa batzordeak egunero hamabost minutuko bi elkarretaratze egitea erabaki du, zentroaren etorkizuna bermatu dadila aldarrikatzeko. Gaur egin dituzte lehen biak, goizeko 7.45ean eta 14.50ean, eta pozik agertu dira mobilizazioek langileen aldetik izan duten harrerarekin.

Horrekin batera, Onkologikoan bertan aldarrikapen kartelak ezartzea erabaki dute. Zuzendaritzari negoziazioa aktibatzeko eskatzen diote, Gasteizko Legebiltzarrak Osakidetzan integratzeko onartu zuen ebazpena bete dadila, eta murrizketarik ez dadila egin.

Enpresa batzordeak bilera egin zuen atzo langileei egoeraren berri emateko. Azaldu zutenez, zuzendaritzak oraindik ez die aurkeztu martxorako agindu zuen bideragarritasun plana.

Mobilizazioekin hasi behar zutela jakin bezain pronto, gaurko bilerara deitu dituzte langileen ordezkariak.

Enprea batzordearen ustez, Osakidetzan integratzea da Onkologikoaren etorkizuna bermatzeko irtenbide bakarra.