INFO

Arratsaldean manifestazioa eta bihar Martuteneko espetxera martxa deitu dituzte

Ertzaintzak sei gazteak atxilotu eta Aske Gunetik alde egin ostean, Eleak mugimenduko Txerra Bolinagak hartu du hitza eta Bulebarrean izan diren ehunka lagunek eman duten erantzuna eskertu du. Arratsaldeko 19.00ean egingo den manifestaziora eta bihar Martutenera antolatu den martxara joateko deia egin du.


Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe, Ekaitz Ezkerra eta Egoi Alberdi atxilotu ondoren eta Ertzaintzak Bulebarretik alde egin ondoren, Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kideak hartu du hitza kioskoan, erabat hunkituta.

Aske Gunean izan diren ehunka lagunek eman duten erantzuna eskertu eta txalotu du, bide bat ireki dutela nabarmendu du eta aurrerantzean ere lanean jarraitzeko deia egin du.

Ondoren, Beñat Apalategi absolbitua izan den gazteak hartu du hitza eta honek ere eskerrak eman ditu jasotako elkartasun uholdeagatik. Atxilotuei besarkada bat helarazi die –«maite zaituztegu», esan du– eta epaiketa politikoak oraindik ez direla amaitu esan du.

Ildo horretan, gogora ekarri du maiatzaren 7an Auzitegi Goren espainolean Barañaingo hainbat gazteren auzia aztertuko dela.

«Hemen ez da ezer amaitu, horrelako erantzunak egon behar du Euskal Herri guztian, horrelako erantzunekin bukatuko ditugu epaiketa politiko guztiak», nabarmendu du.

Amaitzeko, gaur arratsaldeko 19.00etan Bulebarretik hasita egingo den manifestazioan eta bihar toki horretatik bertatik abiatuta Martuteneko espetxera antolatu den martxan (11.00) parte hartzeko deia egin dute.

Bartzelonan ere bai

Euskal Herriaren Lagunak elkarteak antolatuta, Bartzelonan ere kontzentrazioa deitu dute gaur arratsalderako (20.00) St. Jaume plazan.