Absolbitu egin dituzte Kukutzaren eraistearen aurkako protestengatik epaitutako bi pertsona
Bilboko Zigor Epaitegiak absolbitu egin ditu Kukutzaren eraistearen aurkako protestetan parte hartzeagatik martxoan epaitu zituzten bi pertsona.
Bilboko Branka atariak jakinarazi duenez, Bilboko 4.Zigor Epaitegiak absolbitu egin ditu Kukutzaren eraistearen aurkako protestetan parte hartzeagatik atxilotu eta joan zen martxoaren 11an epaitu zituzten bi lagun. Desordena publikoak egozten zizkieten eta fiskalak hogeita bina hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen.
Epaileak absolbitu egin ditu eta Ertzaintzaren bertsioa zalantzan jarri du, Kukutzarekin Elkartasun Taldearen arabera. Deklaratu zuten ertzainen artean kontraesanak daudela dio epaiak, eta Poliziaren atestatuetan azaltzen diren gertaerek ez dutela delitu izateko larritasun nahikoa.
Kukutzaren eraistearen ondoko protestengatik orain arte epaitu dituzten hamabost lagunetatik hamabi absolbitu egin dituzte eta gainontzekoei 180 euroko isuna ezarri diete.