INFO

EH Bildu ez beste alderdi guztiak agurtu ditu Antonio Basagoitik bere azken osoko bilkuran

Antonio Basagoitik agur esan dio gaur bere Gasteizko Legebiltzarreko jardunari, hiritarren ordezkari bezala bere eginbeharra bete duen uste osoarekin. EH Bildu ez beste alderdi guztietako kideak agurtu ditu eta koalizioari ETAri «agur esateko» eskatu dio.

Antonio Basagoiti eta Rodolfo Ares, lehenaren azken osoko bilkuran. (ARGAZKI PRESS)

Antonio Basagoitiren azken osoko bilkura izan da gaurkoa Gasteizko Legebiltzarrean. Prentsa aretoan ere azken agerraldia egin du eta «pena» sentitzen duen arren hiritarren ordezkari gisa bere eginbeharra bete duen uste osoarekin doala esan du.

Iñigo Urkullu lehendakariari eta Legebiltzarreko «alderdi demokratiko» guztiei «zortea» desiratu die, baita kazetariei ere.

Basagoiti bulegoz bulego joan da legebiltzarkideak agurtzera baina ez da EH Bildurenean sartu. Koalizioa alderdi «normal» bezala ez duela hartuko adierazi du, ETAren ekintzak kondenatzen ez dituen bitartean. ETAri «agur esateko» eskatu dio.

Azaldu duenez, legebiltzarkide gisa izan duen pozik handiena PSErekin Lakuako Gobernurako akordioa itxi zuenean izan zen. Tristurarik handiena, berriz, «Bildu eta Sorturen legalizazioak» eragin zion.