INFO

.EUS domeinua «euskal nazioaren eraikuntzan beste aurrerapauso bat» dela dio Udalbiltzak

ICANN erakundeak .EUS domeinua onartu izana «euskal nazioaren eraikuntzan aurrerapauso bat» dela iritzi dio Udalbiltzak, «Euskal Herria sarean –munduan– kokatzen laguntzeko» balio baitu.


Udalbiltzak zoriondu egin ditu ohar bidez .EUS domeinua lortzeko lanean aritu diren euskal eragileak. «Ez da nolanahiko lorpena, eta aitortu behar da garrantzia duela», esan du.

Bere ustez, domeinu berriaren lorpena «euskal nazioaren eraikuntzan beste aurrerapauso bat da», interneteko sare globalean Euskal Herriak bere marka izango baitu eta «sarean kokatzeko laguntzeko balio» duelako.

Udalbiltzak gogorarazi duenez, «Euskal Herria aintzat hartzen duten hainbat eragilek bat egin zuten .EUS domeinua eskatzean» eta, bere iritziz, horrek erakusten du «batasunak indar egiten duela». «Nazio eraikuntzaren arloan, beste hainbat eremurako adibide garrantzitsua da».