INFO

Barne eta kanpo harresiak euskararentzat

Hizkuntza gutxituekiko Estatu espainiar eta frantsesen jarrera ikusita, euskararen berreskurapenean aurkitutako oztopo dezente imajina daitezke. Baina oztopo horiek ez dira soilik kanpotik ezarritakoak, Euskal Herriko hizkuntza politikak ere badu zer esana. Horrela uste du Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluko ordezkari nagusiak, Paul Bilbaok.

Tafallako ikastolako ikasleak klasea kalea ematen, Gobernuak gelen banatzea ukatu ostean. (Lander Fdz. ARROIABIDE/ARGAZKI PRESS)

«Gaur egun Euskal Herrian aplikatzen den hizkuntza politika batek ere ez gaitu eramango gure hizkuntzaren berreskurapen osora epe labur batean». Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, hitz egin du horren garbi, euskararen egoera duela hiru hamarkada baino osasuntsuagoa dela aitortu arren –«euskalgintza eta herrigintzari esker gehienetan»–, oraindik ibilbide luzea duela azpimarratuz. Horretan zerikusi handia daukate Administrazio desberdinek bultzatutako hizkuntza politikek.

Hasteko, testuinguru orokorra jorratuz, Estatu espainiar eta frantsesen «arduragabekeria» aipatu du egoera honen arrazoietako bat bezala: «Ipar Euskal Herrian egiturazko arazo bat daukagu, euskarak ez duelako inolako aitortza ofizialik». «Frantziako Estatuak bere izaera jakobinoari eusten dio, frantesa Frantziako Errepublikaren hizkuntza bakarra bezala jarriz. Horrek esan nahi du Frantziako administrazioek ez dutela inolako betebeharrik herritarren eskubideak bermatzeko, hau da, euskaldunoi ez zaigu hizkuntza eskubiderik aitortzen», azaldu du Bilbaok, «Nazio Batuetako hainbat batzordek Estatu frantsesari jarrera aldatzeko» eskatu diotela gogoraraztearekin batera.

Pirinioetatik bestaldera «egiturazko arazo bat ere» badugula dio Kontseiluko arduradunak: «Espainiako Konstituzioa». Arazo hori Nafarroan bilakatzen da, gehien bat, ikusgarri, 1986ko Euskararen Legea dela-eta. Honen arabera, Nafarroa hiru eskualdetan banatzen da: euskalduna, mixtoa eta ez euskalduna. «XX. mendean ulertezina izan arren, lege horren arabera, herritarrei hizkuntza eskubideak aitortzen zaizkie bizi diren tokiaren arabera», salatu du Bilbaok.

Baina lege hori ez da euskararen arazo bakarra Nafarroan, Bilbaoren ustez: «Gobernuak daraman hizkuntza politika glotozida ere kontuan hartu behar da, onartu dituen arau guztiak euskara desagerrarazteko eta Nafarroan euskadunak inbisibilizatzeko izan direlako». Batzuetan, ordea, ez dira ekintzak kaltegarriak direnak, ekintza eza baizik. «Azken finean, hizkuntza politika egiten dena da, baina baita egiten ez dena ere; Nafarroako Gobernuak Iruñetik hegoaldera ezer ez egitea erabaki politikoa delako, euskararen aurkako erabaki politikoa», bukatu du Bilbaok.

Euskararen inguruko hizkuntza politiken errepasoarekin amaitzeko, hizkuntza eskubideen aldeko aktibistak Euskal Autonomia Erkideogoko kasua aztertu du. Bere ustez, «ezin da ukatu EAEn egoera hobea dela» eta «baliabide gehiago jarri direla» baina, Bilbaoren iritziz, ez da aski: «hizkuntza politikak beste urrats batzuk eman behar ditu».

Hizkuntza politika berria

Kritikaren ostean, proposamenak. «Gure hizkuntzak benetan aurrera egiteko lau zutabetan oinarritutako estatus egokia izan beharko luke: berezkoa izatea, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa», azaldu du Bilbaok, Kontseiluak hainbatetan egindako proposamenak gogora ekarriz. Horretarako, hizkuntza politikak bi ardatz izan beharko lituzkeela dio: hiztun berriak lortzea eta espazioak euskalduntzea.

Proposamenetan sakonduz, lehen erronkarako «hezkuntzak bide bat» eskaintzen duela nabarmendu du Kontseiluko arduradunak: «Gaur egun ezarrita dagoen ereduen sistema gainditu behar da eta ikasle euskaldunak sortuko dituen ikasteredu orokortua abian jarri». Hau da, Katalunian ezarritako murgiltzearen antzeko eredu bat. Baina ez hori bakarrik, hiztun berriak lortzeko helduen euskalduntzearen garrantzia ere azpimarratu du. Bigarren erronkarako, ekintza dexente proposatu ditu Bilbaok: hedabideetan kuotak, euskararen aurrekontuen handitzea, Administrazioan euskararen egoera hobetzea eta abar. «Baina hori guztia lortzeko plangintzak eta epeak zehaztu behar dira, gero ebaluazio bat egiteko aukera izateko», bukatu du.