Euskal Herritik ere elkartasuna helarazi diote Galiziari erakunde, alderdi eta herritarrek
Galizian izan den tren istripu larriak elkartasun uholdea eragin du mundu osoan. Euskal Herrian ere makina bat izan dira doluminak eta babesa helarazi duten erakunde eta alderdiak.
Santiagotik gertu tren bat errailetik irten eta 80 hildako eragin dituen ezbehar larria dela-eta Euskal Herriko erakunde eta alderdi gehienek elkartasuna adierazi diote Galiziako herriari.
Lakuako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkulluk telegramak bidali dizkie Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteari eta Mariano Rajoy presidente espainolari, eta behar duten edozer gauzatan laguntzeko prest dagoela esan die.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere dolumin mezua bidali dio Nuñez Feijoori, herrialdeko «erakunde eta hiritarren izenean».
Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalek ere elkartasun adierazpenak egin dituzte eta Gasteizen minutuko isilunea gorde dute Santio egunez egin duten ekitaldian.
Udalbiltzak ere elkartasuna helarazi dio Galiziako herriari, eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak istripuaren biktimen omenez antolatzen diren elkartasun ekimen guztiekin bat egin du.
Alderdi politikoei dagokienez, EAJ, PSE, EH Bildu, PP, EA eta Sortuko ordezkariek ere babes eta dolumin mezuak plazaratu dituzte. Sortuko Xabier Mikel Errekondo, Txelui Moreno eta Iñaki Gil de San Vicente Santiagon dira, Galizako Dia da Patrian egitekoak ziren mobilizazioetan parte hartu behar zutela-eta.
Erakunde eta alderdiez gain, sare sozialetan ere makina bat izan dira galiziarrei elkartasuna helarazi nahi izan dieten herritarrak.