INFO

Zergen inguruko akordioa laister itxiko dutela baieztatu du PSEk

Egibarrek (EAJ) atzo iragarri zuen irailaren 15erako idatzita beharko lukeela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eragingo duen zergen inguruko testu artikulatuak eta gaur Idoia Mendiak (PSE) baieztatu du ixtear dutela akordioa. Berri agentzien arabera Gasteizko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaida aurreratzea eragingo luke horrek. Astelehenean egingo dute hurrengo bilkura bi aldeek.

Jose Antonio Pastor eta Andoni Ortuzar. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Idoia Mendia PSEren bozeramaileak zerga sistemaren inguruko akordioa EAJrekin ia erabatekoa dela esan du gaur EiTBn egin dioten elkarrizketan. Mendiaren arabera EAJ «mugiarazi» egin dute eta zerga batzuen igoera iragarri du, «gehien dutenek gehien ordaindu behar dutelako krisi garai honetan». Zehaztasun handirik eman ez badu ere, Sozietateen gaineko Zergan egon daitezke igoerak eta baita kapitalaren gainekoetan ere, azken hauen eta lan errenten ingurukoen arteko «oreka» bilatu behar dela adierazi du Mendiak.

Atzo, Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak ere ia itxitzat eman zuen akordioa. Adostu dutena datorren urtean abian jarri asmo dutenez irailaren 15erako testu artikulatua eztabaidagai egon beharko litzatekeela adierazi zuen Egibarrek.

Bi aldeek ez dute, oraindik, akordioaren xehetasunen inguruko azalpen handirik eman. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien fiskalitatea armonizatzea dutela xede esan dute eta akordioa ixteko falta den puntu nagusietako bat Lakuako Gobernuak fiskalitatean izan beharreko papera da.

Politika orokorreko eztabaida

Mendiak elkarrizketan Gasteizko legebiltzarrean irailaren 26rako aurreikusita dagoen politika orokorreko eztabaida aurreratzea eskatu du, «lanean %100ean hasi gaitezen berehala», eta berria gentzien arabera hala izango da, irailaren 19ra aurreratu dezake Urkulluren gobernuak.

Izan ere, Europa press agentziaren arabera datorren astelehenean bilduko dira EAJ eta PSEko ordezkariak eta berehala itxi dezakete akordioa erabat. Andoni Ortuzarrek eta Patxi Lopezek sinatuko lukete hedabideen aurrean akordio hori eta horrela balitz, aurreratu egingo lukete Gasteizko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaida.