‘Vivir es fácil con los ojos cerrados’, bizitzari aurrez aurreko begirada
Beatles taldea, John Lennon eta 60ko hamarkadako jazarpen sozialaren egoera azaleratzen ditu David Truebak ‘Vivier es fácil con los ojos cerrados’ filmean. Hiru pertsonaien bizitzak elkar gurutzatzen ditu, nork bere egoerari aurrez aurre nola begiratzen dion erakutsiaz. Oso harrera ona izan du ikusleengan.
60ko hamarkada. Estatu espainiarra. Antonio Albaceteko eskola txiki bateko irakaslea da, Beatles taldearen zale amorratua. John Lennon Almerian da, Richard Lesterren aginduetara film bat grabatzen. Antoniok, bi aldiz pentsatu gabe, Almeriaranzko bidaia hasiko du. Bidean, Belen eta Juanjoren bizitzekin egingo du topo. Bata 20 urteko gaztea da. Haurdun dago eta Madrilen erretenituta izan dute haurra eduki bitartean bertan egon zedin eta inork horren berririk izan ez zezan. Juanjok etxetik alde egin du. Apenas 16 urteko gaztea da, baina etxekoekin, batez ere aitarekin, dituen ezberdintasunek Madril atzean uztera behartzen dute.
Javier Cámara, Natalia de Molina eta Francesc Colomer dira David Truebak zuzendutako filmeko protagonistak. Prentsaurrean izan dira laurak, Jorge Sanz aktorearekin batera eta oso harrera ona izan dute; prentsa aretoan txaloka hartu dituzte filmeko partaideak.
«Aurreiritziei aurre egiteko» beharraz mintzatu da Trueba eta «parean ditugunak ezagutu aurretik etiketatzeko joera» kritikatu du bere filmean. «Garai guztiek dituzte momentu ilunak eta, alde horretatik, John Lennon pertsonaia harrigarria izan zen, Liverpooleko langileria ordezkatzen baitzuen», esan du.
Bere bizitza propiotik, lagunengandik eta senideengandik hartutako istorioen zantzuak ere badaude lanean. «Nire etxeko istorio zaharretako bat da anaiak etxetik alde egin zuenekoa. Ospakizunen bat zenean aitak ilea moztera behartzen gintuen, soldaduskara joango bagina bezala. Eta horrek haserreak eragiten zituen etxean. Anaiak ere itsasaldera alde egin zuen», filmean Francesc Colomerren pertsonaiak egiten duen moduan.
Javier Camarak David Truebaren lana goretsi du. «Jakinik bere familiatik eratorritako istorioak bazirela tartean, egoera aztertzen hasi nintzen eta hortik abiatu nuen pertsonaia eraikitzeko lana. Pozik nago egindako lanarekin», nabarmendu du.