INFO

Herriraren aurkako operazioa konponbidearen aurkako «eraso zuzena» da, Sorturen ustez

Sorturen iritziz, Herriraren aurka atzo burututako operazioarekin «jauzi kualitatiboa» egin du Estatu espainolak eta «eraso zuzena» egin die konponbide prozesuari eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarriari.


«Jauzi kualitatiboa eman du espainiar Estatuak operazio honekin, konponbide prozesuari eta Euskal Herrian hain hedatua den euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarriari eraso zuzena egin dio». Horixe nabarmendu dute Amaia Izkok eta Pernando Barrenak gaur arratsaldean Herriraren aurkako operazioa baloratzeko egin duten agerraldian.

Sortuko eledunek atxilotuek euskal presoen eskubiden alde egin duten lana txalotu dute eta atzoko sarekada «erabat larritzat» jo dute. Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berriarekin «estuki lotuta» dagoela uste dute.

Bai ezker abertzaleak bain beste hainbat eragilek aro hori ahalbidetzeko egin dituzten urratsak «ezinbestekoak» izan direla nabarmendu dute eta, horren aurrean, PP eta PSOE «bakerako aukera saboteatzen» ari direla salatu dute.

«Zapateroren Gobernuarekin hasi eta Rajoyren Gobernuak eginiko azken operazio honetaraino, bakearen etsai gisa aritu dira bi alderdi espainiar hauek eta beraien euskal sukurtsalak», adierazi dute.

Barrenak eta Izkok esan dutenez, «eraso» horri «tamainako erantzuna» eman behar zaio, «irmoa zein herritarra». «Planto egin behar dugu, instituzioetatik hasita kaleraino, herriz herri. Ozen esan behar dugu: aski da, ez dugu errepresio gehiagorik onartuko».

Ertzaintzaren jarrera ere izan dute hizpide Sortuko bozeramaileek, Amalur Mendizabal senatariari gertatutakoaren harira. Hala, «ezinbestekoa eta urgentziazkoa» deritzo alderdi horrek Ertzaintzak «Polizia politiko izateari uztea eta Estatuaren gerra estrategiaren tresna izateari utz diezaiola».

Horrekin batera, Euskal Herriko erakundeetako agintariek atzokoa bezalako operazioak berriro ez gertatzeko eta «herritarren eskubideak bermatzeko» neurriak hartzeko beharra nabarmendu dute.

Azkenik, euskal herritarrei dei egin diete presoen eskubideen aldeko aldarria «kaletik atera eta zigortu nahi duten honetan, aldarri hori lau haizeetara» zabal dezaten eta larunbateko manifestaziora joan daitezen.