INFO

Delorean taldeko kideak bahituta izan dituzte Mexikon

Delorean taldeko lau musikariak bahituta izan dituzte 48 orduz Mexikon, baina dagoeneko aske dira. «Bahiketa birtuala» jasan dute, Poliziaren arabera.

Delorean taldea, Kutxa Kultur jaialdian Igeldon, irailaren 6an. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Delorean taldeko lau musikariak bahituta izan dituzte Mexiko Hirian, baina familiako iturriek NAIZi eta GARAri baieztatu diotenez, dagoeneko aske daude eta onik, Gobernu espainolaren enbaxadan.

Igandean bahitu zituzten eta gaur eguerdira arte negoziatzen aritu ondoren Euskal Herrian 15.30ak zirenean aske utzi dituzte. Bahituta izan dituzten bitartean etengabe heriotza mehatxuak egin dizkiete.

Antza denez, zinpeko zaindari gisa jantzita zeuden pertsona batzuek musikariak ostatu hartuta zeuden hoteletik aterarazi zituzten, arriskuan zeudela sinetsarazita, eta beste toki batera eraman zituzten. Han sakeleko telefonoak kendu eta bahituta zeudela esan zieten. Gela batean eduki zituzten eta hiri minuturo bahitzaileen telefono deia jasotzen zuten.

Taldeko kide baten aitak ETBn kontatu duenez, bahitzaileek senideei deitu eta dirua eskatu zieten. Gainera, Deloreanek AEBetan duten managerrari milioi bat dolar eskatu zizkioten. Kopuru hori jaistea lortu zuten eta gaur goizean, bankura ordainketa egitera zihoazela, aske geratu direla jakin dute.

Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak Euskadi Irratian azaldu duenez, astelehenean jaso zuten salaketa Zarauzko komisaldegian eta, Polizia espainola, mexikarra, Interpol eta FBIrekin protokoloak martxan jarri ondoren, gaur arratsaldeko lehen orduan amaitu da bahiketa.

Polizia mexikarraren arabera, «bahiketa birtuala» izan da Delorean taldekoek jasan dutena, hau da, bahitzaile gisa aurkezten diren pertsona batzuek beren biktimak telefono bidez kontrolatzen dituzte eta etxean edo dauden tokian egonarazten dituzte, mehatxuen bidez, senitartekoei erreskatea eskatzen dieten bitartean. Antza denez, taldeko kide baten sakeleko telefonoa erabili zuten familiarekin kontaktuan jartzeko.

Delorean taldea bira egiten ari zen Amerikan, baina gertatuaren ondoren bukatutzat eman dute eta etxerako bidea hartu dute.