INFO

Salbuespen politikak «ezinezko egin arte» herri harresiak osatzeko beharra nabarmendu dute

Eleak mugimenduko Zigor Olabarriak azaldu du igandean Iruñean ikusi zirenen moduko irudiak «pixkanaka ohiko bilakatzen» ari direla, «normaltasun berri» bat hedatzen ari dela. Jarraitu beharreko bidea herri harresiena dela aipatu du, «Estatuari salbuespen politiken aplikazioa ezinezko egin arte».


Herri Harresiko kideek eta Eleak mugimenduak agerraldia egin dute Iruñean, igandean Luis Goñi babesteko abian jarritako dinamika aztertu eta borroka molde honek izandako bilakaera aztertzeko.

«Ziurrenik, auziperatuen eta gure eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu herritar honen lorpen nagusia normaltasuna, ohikoa dena eraldatzea izaten ari da», azaldu du Eleak-eko Zigor Olabarriak.

Izan ere, esan duenez, duela gutxira arte, espetxeratze bakoitza sufrimendu pertsonal baten moduan ulertzen bazen, berari eta bere inguruneari eragiten ziona, «gaur, arazo kolektibo modu batean bizi dugu».

«Igandean, aipatu aldaketa ezin hobekiago laburbiltzen duen irudi bat izan genuen hemen –azpimarratu du–. Luis, Estatuak terrorista izendatu duen eta polizia atzetik zuen Luis, prentsaurreko bat ematen, kale erdian, Estatu osoko komunkabidez inguratuta. Eta bere atxiloketa nork bere gorputzarekin zailtzeko prest zeuden lagunez inguratuta».

Pixkanaka irudiok «ohiko» bilakatzen ari direla nabarmendu du Olabarriak, «normaltasun berri bat» hedatzen ari dela.

Lorpen horren oinarrian dauden arrazoien artean bi aipatu ditu. Alde batetik, «desobeditzeko eta bidegabekeriak konfrontatzeko prest gaudenak asko izatea lortu» dutela eta bestetik, aldi berean lortu dela auziperatuen aldeko eta salbuespen politiken kontrako «gizarte babes oso zabala» egituratu eta ikustaraztea.

«Hau da bidea. Harriz harri eta herriz herri Herri Harresiak eraikitzearena, auzolanean eta antolakuntzan oinarrituta».

Olabarriaren aburuz, «gero eta gehiago izan behar dugu, gero eta desobedienteago, biak aldi berean», «Estatuari salbuespen politiken aplikazioa ezinezko egin arte».

Herri Harresiko Maider Caminosek, bere aldetik, Luis Goñiren espetxeratzea eta Polizia espainolak izandako jarrera oldarkorra gogor kritikatu ditu.