EAJ eta PPren arteko akordioak euskal kutxak «likidatzen» dituela salatu du EH Bilduk
Euskal Herria Bildu koalizioak salatu du Kutxen Legearen inguruan EAJ eta PP alderdiek erdietsitako akordioak euskal kutxak «likidatzen» dituela eta «Euskal Herriaren burujabetzaren kontra» doala.
Donostian eginiko agerraldian, Ainhoa Beola Kutxako Administrazio Kontseiluko kideak eta Arantza Urkaregi BBK-ko batzarreko kideak hartu dute hitza, EAJ eta PPk Kutxen Legeari buruz lortutako akordioa arbuiatzeko.
Azaldu dutenez, «kutxek bere izaera sozial eta publikoa galtzea» da troikak duen helburua, «banku komertzial arruntak» bihurtzeko.
EAJ eta PPk, Urkaregi eta Beolaren aburuz, «men egin diote hasiera-hasieratik» troikaren agindu horri, «eta ondorio suntsitzaileak izango ditu euskal kutxetan, hau da, euskal herritar guztion aurrezkiekin eta lanaren bitartez sortutako kutxetan».
Testuinguru honetan, onura bezala saldu den akordioak «kaltea baino ez dio ekarriko euskal finantza sistemari». «Egungo kutxak desagertuko dira fundazio bihurtzeko, eta ezin izango dute egun dituzten Kutxabanken akzio guztiak izan».
«Noren eskutan geratuko da salmenta hori? Ez baita inondik bermatzen hiru kutxen eta bankuaren kontrola Euskal Herrian geratzea eta, aldiz, ateak irekitzen ditu kanpo inbertsoreentzat», adierazi dute Beola eta Urkaregik.
EAJ eta PPri egotzi diete troikaren aginduak «aitzakia bezala» erabiltzea «aspalditik dituzten helburuak gauzatzeko: Kutxabank zatika saltzen hastea».
Bide horretan, salatu dute, «ez dute erreparorik izan ideia eta helburu horiekin bat ez datozenak eta kutxen izaera publikoa bermatzeko lanean ari direnak erabakiguneetatik baztertzeko».
EH Bilduren ustez, «gure herriak finantza erakunde indartsu eta publikoa behar du, gure herritarren, instituzioen eta sare ekonomiko eta industrialaren premiei erantzuteko».
Jeltzaleei «etekin pribatuak eta bestelako interes ezkutuak lehenestea» egotzita, koalizoak adierazi du «euskal kutxen jatorrizko izaera publikoa mantentzearen alde» lanean jarraituko duela.
Ildo horretan, EAJri exijitu diote «eztabaida hemen egitea, ez Madrilgo bulego baten lau pareten artean. Hiru Kutxen Asanbladak konbokatu behar dira pribatizazio honi aurre nola egin erabakitzeko».