Hondakinak bereizteko Canopia lantegia inauguratu dute Baionan
Canopia izenarekin, Ipar Euskal Herri osoko zaborrak tratatuko dituen lantegia inauguratu dute Baionan. 2009an gauzatuko zela jakinarazi zenetik, herritarrek kezka ugari agertu dute, mekano-biologiko eta metanizazio teknikak arriskutsuak direlakoan. Halere, egitasmoa gauzatu egin da.
Bereizketa mekano biologikoa eta metanizazioaren teknikak erabiliko dituen Canopia lantegiak ateak zabaldu ditu larunbat honetan Baionako Batz eremuan.
Bil Ta Garbi hondakinetarako sindikatu mixtoak bultzaturik, hogeita hamar langile izango ditu lantegiak eta 265.000 bizilagunek ekoitzitako hondakinak tratatuko ditu.
Zentro honekin %70 birziklatzea du xede Bil ta Garbik.
Bere lana egiteko teknikak arriskutsuak izan daitezkeela argudiatuta, hainbat salaketa egin dituzte bizilagunek proiektua 2009an iragarri zutenetik, baina azkenean proiektua aurrera atera da.