Donostiako Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izendatzeko eskatu dute
Donostiako Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izenda dezaten eskatu dute kultura alorreko hainbat eragilek eta atxikimenduak biltzeko webgunea sortu dute. Euskalgintzan egin duen ekarpenagatik aitortza hori zor zaiola aldarrikatu dute.
Urriaren 10ean Donostiako hamazazpi idazlek Udalari eskatu zioten Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izenda zezala. Eskaera hori babesteko agerraldia egin dute gaur kultura alorreko hainbat eragilek, eta atxikimenduak biltzeko sortu duten webgunearen berri eman dute.
Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»k euskalgintzan egin duen ekarpenagatik aitortza hori zor zaiola nabarmendu dute. Gogora ekarri dute Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eman ziola kontsentsu haundi batez, eta aitortza horretan beste urrats bat egin dezala eskatu diote, Koldo Mitxelenak, Karlos Santamariak, Inazio Mª Barriolak, Urkixok eta beste hainbat kulturgilek hirian duten presentzia bera izan dezan.
Literatura alorrean egin duen ekarpena errepasatu dute eta horretaz gain «Euskararen Donostia» Txillardegik «gure hizkuntza biziberritzeko eta normalizatzeko egin zuen lan eskerga» kontuan hartu gabe ezin dela ulertu adierazi dute.
«Euskara erabiltzen dugun bakoitzean, sumatu ala ez, Txillardegiren itzala hor da. Hori da bere izana, bizi bizirik dagoena», nabarmendu dute.
Udalaren Kultura Kontseiluak abenduaren 20an tratatuko du eskaera, aurreikusita dagoenez.
Ramon Agirre, Jokin Ansorena, Joxe Austin Arrieta, Harkaitz Cano, Rafa Egiguren, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre, Fito Rodriguez, Ibon Sarasola, Ana Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua, Mireia Gabilondo, Aitxus Iñarra, Patxi Salaberri, Martin Agirre, Aitzpea Leizaola, Iñaki Egaña, Joan Mari Torrealdai eta Karmele Alvarez daude sinatzaileen artean, besteak beste.