INFO

Ximun Haran pilotari ohia eta Enbataren sortzaileetakoa hil da

Ximun Haran pilotaria, militante abertzalea eta euskal kulturaren bultzatzailea hil da gaur gauean Luhuson, 85 urte zituela.

Ximun Haran. (Bob EDME)

Ximun Haran Luhusoan hil da, 85 urte zituela.

Haran 1928an jaio zen Arrangoitzen eta farmaziako ikasketak egin zituen Bordelen. Hendaian ireki zuen bere farmazia. 1968 arte pilotari izan zen 20 urtez eta hainbat sari eta txapelketa irabazi ondotik, eskuan zauri batek goi mailako kirola uztera behartu zuen.

«Joko berri» izeneko pilota plazaren sortzailea izan zen, ezker pareta eta trinketearen nahasketa bat sortuz.

Pilotaz gain, kultura eta politikagintzan jardun zuen Haranek.

1952an Bilboko anfiteatroan ‘200 txistulari’ grabatu zuen eta Ipar Euskal Herriko eta bereziki Zuberoako hainbat kantu zahar berreskuratu eta grabatu zituen.

‘Disque Basque’ bilduma sortu zuen Ipar Euskal Herriko kanta zaharrak biltzeko. 1958an argitaratutako disko batean kantatu zuen.

1960an, ‘Embata’ aldizkariaren sortzaile nagusietariko bat izan zen, Michel Labeguerie eta apez batekin, euskal ikasleen elkartearen izenean oinarrituta. Baina aldizkariak polemika sortu zuen ikasleen artean eta ‘Enbata’ izena ematea erabaki zuten sortzaileek.

Hasierako hirukoteari Michel Burucoa, Michel Eppherre, Jakes Abeberry eta Jean-Louis Davant abertzaleak hurbildu zitzaizkion. Aldizkariarekin batera, Enbata mugimendu politikoa sortu zuten 1963ko Aberri Egunean.

1967an, kantonamenduko hauteskundeetara aurkeztu zen, Enbata mugimenduarekin.

Ipar Euskal Herrian Euzko Alderdi Jeltzalearen (PNB) sorreran ere parte hartu zuen eta 1981an Lakuako Gobernua eta EAJren irudia Ipar Euskal Herrian sustatzeko ‘Ager’ egunkaria sortu zuen.

1998an euskal abertzaleak elkartzeko nahia erakutsi zuen eta Jakes Abeberryk kudeatzen zuen Abertzaleen Batasunari bere sostengua eman zion.