Lannemezanera martxa, presoen eskubideen alde
Lannemezaneko espetxean dauden sei euskal presoen eskubideak aldarrikatu eta haiei elkartasuna adierazteko martxa antolatu du Herrira mugimenduak.
Ibon Fernandez Iradi, Frederik Haranburu (24 urte preso), Didier Aguerre, Iñaki Esparza, Jose Ramon Lete eta Joseba Segurola euskal presoei babesa adierazteko martxa bat antolatu du Herrira mugimenduak, «Presoen eskubideen defentsan denak Lannemezanera!» lemapean.
Sei preso hauei elkartasuna adierazteaz gain, Gobernu frantsesa «eskubideen urratzailea» dela salatu du eta datozen hilabeteetan kanpaina bat burutuko duela azaldu dute.
Ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte egunean zehar. Txalaparta, bertsolariak, Herriraren eta presoen hitz hartzea eta flashmob bat egitekoak dira.
Lannemezanera joateko autobusak Donibane Garazi, Baiona eta Donibane Lohizunetik atera dira goizean.