INFO

D ereduari babes zabala adierazi diote milaka herritarrek Iruñean

Nafarroako hezkuntza alorreko eragileek deituta, D ereduaren aldeko manifestazioa egin dute gaur milaka lagunek Iruñean, ‘Manipulaziorik ez. Hezkuntzan, kolore guztiak’ lelopean.


ELAk, LABek, STEE-EILASek, Sortzen-ek eta Ikasle Abertzaleek deituta, milaka lagunek manifestazio jendetsua egin dute Iruñeko kaleetan, D ereduari babesa adierazteko.

Nafarroako LAB sindikatuak Twitter bitartez jakinarazi duenez, 15.000 lagun izan dira manifestazioan parte hartu dutenak.

D ereduaren aniztasuna irudikatzeko, koloretako puxika ugari ikusteko aukera izan da, eta baita Yolanda Barcina presidentearen zein Jose Iribas Hezkuntza sailburuaren aurkako kartelak ere. Gobernuko bi kide horien dimisioa eskatzeko oihuak ere bota dituzte manifestazioan parte hartu dutenek.