INFO

Goioagaren bulegoa ezin izan dute miatu, senataria bertan ez zelako

Eloy Velasco Auzitegi Nazional espainoleko epaileak Guardia Zibilari agindu dio Iñaki Goioaga EH Bilduko senatari eta abokatuaren bulegoa miatzeko, atzo atxilotutakoen auzian «froga gehiago» aurki zitzaketelakoan. Europa Pressek berri eman duenez, miaketa hasi ere ezin izan dute egin, senataria ez delako bertan egon eta ezin izan dutelako berarekin harremanetan jarri.

Guardia Zibila, atzo, Bilboko Elkano kalean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Iñaki Goioagak Bilboko Elkano kaleko 20. zenbakian du bulegoa, atzo EPPK-ko bitartekariak atzeman zituzten eraikin berean.

EFE albiste agentziaren arabera, abokatu-langela guztia itxita dago gaur goizaldean Zuluetaren bulegoko erregistroa amaitu denetik.

Eloy Velasco epaileak Goioagaren bulegoa ere miatzeko agindu du, eta horretarako abokatuak berak ere egon behar zuen bertan. ‘El Mundo’ egunkariaren arabera, presente egoteko zitazioa ere igorri zitzaion.

Bulegoaren miaketaren helburua atzoko operazioaren harira «froga gehiago lortzea» litzateke. Erregistroa ez da Goioagaren aurkakoa.

Miaketarik ez

Arantza Zulueta 12.15ean eraman dute bulegora eta han eman ditu bi ordu, baina Europa Press berri agentziak esan duenez, miaketa ezin izan dute egin, senataria ez delako bertan egon.

Iturri beraren arabera, ez dute lortu egun osoan Goioagarekin kontaktuan jartzea. Azkenean alde egin dute eta bulegoa zigilatuta utzi dute.