INFO

Konponbidearen aldeko isiltasun ozen baten kronika

Tarteka presoen herriratzearen alde egindako oihuek eten dute soilik 130.000 lagun inguru elkartu dituen manifestazio isilaren martxa. Ez da amaierako testurik izan, eta agian ez zen horren beharrik; ozen entzun baita, gaur, Bilbon, konponbidearen aldeko aldarria.


18.00etarako minutu gutxi falta zirela zabaldu dute La Casilla parean ‘Giza eskubideak, konponbiea, bakea’ zioen pankarta debekuari erantzunez indarrak batu dituzten deitzaileek; Eusko Alderdi Jeltzalea eta EH Bildu koalizioan biltzen diren alderdiak, Geroa Bai, eta ELA eta LAB sindikatuek.

Ordurako, Bilboko martxa bateratu honek mugarri berria jarriko zuela adierazten zuten hainbat daturen berri genuen: Bilboko alde zaharra jendez lepo, eguerdirako herrietatik etorritako autobus ugari, Bilborako sarrera nagusi guztietan autobus eta auto pilaketak, San Mamesen Athletic zaleek keinua eta Autonomia kalea eta ingurukoak jendez lepo manifestazioa hasi baino ia ordubete lehenago.

Kazetarien artean ezinegona hasieratik, konexio arazoak tarteko zaila baizen gertatzen ari zena behar eta nahi bezain agudo lau haizetara zabaltzea. Hala ere, debekuaren ingurukoak azaleratzerakoan bezala, gaur ere internetek Bilboko aldarrikapena mundu zabalera hedatzeko balio izan du, #Konponbidea eta #HumanRights hitz gakoekin lehenbizi, #BasquesForSolution baliatuta 17.00etatik aurrera.

Manifestazioa hasita, pankartak aurrera egin ahala txaloak izan dira isiltasunaren lagun. Preso eta iheslarien senideak ziren La Casillako maldaren amaieran eta euren bertan presoen euskal herriratzearen aldeko oihuak nagusitu dira. Ibilbide guztian zehar errepikatuko zen gerora manifestazioaren buruari ongi etorria egiteko modua.

Martxa abiatu denean ibilbide guztia jendez lepo zen. Autonomiatik Zabalburura kabitu ezina, Hurtado de Amezaga kalea ere alderik alde jendez eta baita ibilbidearen inguruko kaleak ere. Egaña kalean jendea Autonomiara sartu ezinda bultzaka, berdintsu Kontxa Jeneralarenean eta San Mames zumarkalean. Bazter bide horietatik egin du jende askok aurrera gaur. Gainezka zegoenaren irudi hori nabarmena zen Zabalburu plazan, batera eta bestera begiratu tarterik ez zegoen eta San Frantzisko kalean gora jendetza iritsi ezinda, historiarako argazki berri bat osatu den Zabalburu plazara.

 

Bidean presoen eskubideen defentsaren ikur bilakatu diren tantak egon dira, kanpotik etorritako elkartasun delegaritzen ikurrak, beste herrialde batzuetako preso politikoen eskubideen defentsa aldarriak eta jendea, jendea, eta jende gehiago.

Ordu eta erdiko ibilbidearen ostean iritsi da manifestazioaren burua udaletxe parera. Txalo artean hartu dituzte aspaldian bertan zain ziren herritarrek pankarta zeramatenak. Ahoan irrifarra hartuta elkarri besarkada eman diote Haiser Arraizek (Sortu) eta Andoni Ortuzarrek (EAJ) lehenbizi, gainontzeko deitzaileek gero.

Txaloak amaituta, azken agiriaren edo hitz hartzearen faltan, isiltasunari aldarrikapen ozena kantuan jarri diote bertan zirenek:

Jendetza izan da gaur Bilbon, euskal presoek Euskal Herrian izan behar dutela oihukatuz batzutan, manifestazioa isila zenez isiltasunean gehienean. Isiltasun hori, ordea, aspaldian entzun ez dugun oihu ozen eta bateratu bilakatu da gaur; giza eskubideen errespetua eskatuz, bakearen alde eta konponbidea eraikitzeko bidean.