LABek manifestazioa egin eta EPPKren urratsaren berri emanen du lantegietan
Bi hitzordu jarri ditu LABek: lehena, urtarrilaren 23an Donostian, Anoetatik Gobernu Zibilera ‘Utzi bakean. Euskal Herriak du hitza eta erabakia’ leloarekin manifestazioa egiteko; eta bigarrena 29an, sakabanaketaren amaieraren aldarrikapena eta euskal preso politikoen erabakia lantokietara eramateko.
Eztabaida politikoa «nabarmen azkartu» den egunotan, LABek bere irakurketa eta jarrera plazaratu nahi izan du Donostian. Jabi Garnikarekin batera emandako prentsaurrekoan, Ainhoa Etxaidek bertze zortzi preso politiko egotea kritikatu du, justu kontrakoa, «espetxeak hustea, denean erronka». Gainera, dozenaka lagun epaitzen ari direla oroitu du. Madrilek EPPKren erabakiaren kontra jo izana ere gaitzetsi du, kolektibo honek ekarpen bat egin duelako konponbidearen bidean, hain zuzen, eta bertze batzuen artean, kartzelan sartu dituzten bitartekariei esker.
Etxaideren arabera, espetxe politikak min handia egin du, hildakoak eragin ditu, baina «porrot egin du bere helburuetan». Ez du lortu kolektiboa puskatzea eta Estatuak berak ukatzen dien izaera politikoa aitortu die presoei, baldintza bereziak ezarriz. Horretaz gain, «euskal jendarteak presoak bere ekimenez babestu behar dituela ulertzea lortu du».
Erantsi zuenez, 500 preso politiko badaude ezin da gatazka konpondu eta ekimen berriak behar dira. Etxeratek erran zuenarekin bat eginez, 2014 honek sakabanaketa bukatzeko urtea izan behar duela aldarrikatu du. Horretarako bidea, ostiralean hartu ziren erabakiak eta erabaki horiei herritarrek eman zieten babesa, jo zituzten txaloak eta ikusi ziren argazkiak dira, LABen iritziz.
Eragile politikoei deialdia egin die akordio berriak lortzeko gatazka gainditzeko, tartean «gure herria aitortzeko» eta euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea izateko beharra.