INFO

Giza kate jendetsua osatu dute Gasteizen, salbuespen politikak amaitzeko

‘Elkartasunetik konpromisora, eman pausoa’ lelopean, jende andana bildu da Gasteizen, epaiketa politikoen eta salbuespen neurrien bukaera aldarrikatzeko. Desobedientziaren bidean sakontzeko deia egin dute antolatzaileek, eskubide urraketa gehiago eman ez dadin.

Giza katea jendetsua osatu dute Gasteizen. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Harresiak deituta, jendetza bildu da Gasteizen, hiriko erakunde eta plaza desberdinak bildu dituen giza katean parte hartzeko.

Eskuak elkarri emanda, Foruen plaza, Gobernu espainolaren ordezkariordetza, Udaletxea, Parlamentua eta Justizia auzitegitik pasa da katea.

Zortziak inguruan jaurti duten suziri batek iragarri du giza katea osatua zegoela.

Eragile eta norbanako askoren atxikimendua zuen ekimenak.

Tarteka euria bota duen arren, giro alaia egon da Gasteizko erdigunean, musikari desberdinak animazio lanetan aritu direlako, tartean trikitixak eta txistulariak.

Jende askok laranja koloreko arropak eta zapiak zeramatzan aldean.

Gasteizko Harresiaren izenean, Zigor Olabarriak adierazi du hasiera batean markatua zuten 3.000 lagunen muga aise gainditu dutela. Gasteiztarrek eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoak bere moduan sentitzen dituztelako atera direla kalera azaldu du Olabarriak.

Eskubideok urratzea inoiz zilegi izan ez bada ere, halako egoerek gero eta zentzu gutxiago dutela azpimarratu ondoren, dei egin dio jendarteari, desobedientziaren bidean sakontzeko.

Jon Anda gazte auziperatuak, aldiz, zorionak eman dizkie kalera atera diren gasteiztarrei, eta gaineratu du une askotan hunkitu egin direla bertan izan diren auzipetuak.

Madrilen militantzia politikoa epaitzen ari direla gogoratu du Andak.