Osasun arrazoiengatik zigorra eteteko eskaera egin du Ibon Fernandez Iradik
Osasungintza alorreko hainbat profesionalek Ibon Fernandez Iradiren presoak duen gaixotasun larria kontuan hartzeko eta ezarri zioten zigorra mediku arrazoiengatik eteteko egin duen eskaera azter dezaten eskatu diete agintari frantsesei.
Osasungintza alorrean diharduten 75 mediku, erizain, dietista, sikologo eta beste hainbat profesionalek agintari frantsesei zuzendutako eskaera izepentu dute, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera dela-eta. Gaur goizean agerraldia egin dute Baionan Herrira elkarteak eta Maritxu Paulus Basurco abokatuak, horren berri emateko.
Preso lasartearra Lannemezango espetxean dago eta gaixotasun larria du –esklerosi anizkoitza–. Eritasun hori egoki artatzeko osasun arloko ekipo pluridiziplinar baten zaintza behar da: neurologo, psikatra, logopeda, oftalmologa, fisioterapeuta... eta kartzelan dagoen egoeran gaixotasunak okerrera egiten du. Hori dela-eta, ezarri zioten zigorra mediku arrazoiengatik eteteko eskaera egin du. Modu horretan izango luke aukera presondegitik ateratzeko.
Azaldu dutenez, zigorraren «suspentsio medikal» eskaerak aukera ematen du askatasuna eskatzeko kartzelatik ateratzeko beste inongo aukerarik ez duten presoentzat. Hala, bi kasutan bakarrik erabil daiteke zigorra eteteko modalitate hori. Bata, presoak daukan gaixotasunak heriotza dakarrenean, eta bestea, Fernandez Iradiren kasua, eritasuna eta kartzela bateraezinak direnean.
Apirilean jakin beharko litzateke
Paulus Basurcok esan duenez, 2013ko martxoan eskatu zuen Fernandez Iradik osasun azterketa egiteko. Ia urte bat beranduago, epaileak izendatutako bi sendagileek beraien emaitzak itzuli dituzte, 2014ko otsailean, eta biek diote euskal presoaren eritasuna ez dela kartzelarekin bateragarria. Abokatuaren kalkuluen arabera, apirilean jakin beharko litzateke epaileak zer erabaki hartzen duen, hau da, zigorra etetea onartzen duen edo ez.
Onartzen badu, sei hilabetero osasun azterketak egin beharko ditu Fernandez Iradik, bere gaixotasuna espetxearekin bateragarria ez dela frogatzeko. «Suspentsio medikalak» ez du esan nahi zigorra eteten dela eta lasartearra libre geratuko litzatekeela, baizik eta osasun arazoengatik bere tratamendua kartzelatik kanpo segiko duela.
Aldiz, epaileak ez badu onartzen Parisen helegitea aurkeztuko dutela adierazi du Paulus Basurcok, eta presoaren osasun egoera gero eta larriagoa bilakatuko denez, «suspentsio medikal» eskaerak egiten segituko dutela jakinarazi du.
Eskaera agintariei
Osasun alorreko profesional hauek eskaera azter dezaten eskatu diete agintari frantsesei, izan ere, Kouchner Legeak, 2002ko martxoan Legebiltzarrak onartu zuen legeak, aukera hori aurreikusten baitute.
Nabarmendu dutenez, Euskal Herria «gatazkaren konponbidean sartu da eta agintari politiko eta administratiboengandik keinu batzuk espero ditu armen uzteak, bake prozesuaren engaiamendurako aldebakartasunak eta hortik sortu den herri mobilizazio handiak piztu duten esperantzari segida emateko».
Ibon Fernandez Iradiri zigorra etetea 2002ko legea errespetatzea da, eskaeran diotenez.
Herrirak gizarte osoari, eragile politiko, sozial eta sindikalei eskaerarekin bat egiteko galdegin die.