INFO
Elkarrizketa
Marixol Iparragirre eta Jon Olarra
EPPK-ko mintzaideak

«Bilakatu dezagun Zaballa benetako etxeratzearen eta konponbidearen erreferente»

Mugarri berria jarri zuen EPPK-k abenduko adierazpenarekin, presoen arloan konponbidea errazteko legeak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko prest agertu zelako. GARA eta ‘Berria’-ri eskainitako elkarrizketa honetan Kolektiboaren bi bozeramailek erabaki horren arrazoiak dakartzate eta nola gauzatuko den azaltzen dute. Azpimarragarria espetxe aldaketa eskatuko dutela presoek banaka, eta Zaballako espetxea jarri dutela erreferentzia gisa Espainiako Estatuan gatibu direnentzat. Lehentasuna izango dute gaixo diren presoen kaleratze eskaerek eta 70 urtetik gorakoenek. Iparragirrek eta Olarrak elkarrengandik ia 2.000 kilometrora diren bi espetxetatik erantzun diote Arkaitz Bellon presoaren heriotzaren aurretik egindako galdera sorta honi.

Zaballako espetxea 2011ko abenduan egindako martxa batean. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 28ko adierazpenaren ondoren, EPPKren aurkako polizia operazioa etorri da, nola baloratzen duzue, zein logika dauka EPPK gatazka betiko gainditzeari begira neurriak hartzen ari denean bide horretan lagun dezaketenen aurka egiteak? Zein lan egiten zuten espetxeratu berri dituztenek ? Nola hartu duzue berria espetxetik?
MARIXOL IPARRAGIRRE: Estatu espainiarrak urtarrilaren 8an Kolektiboaren bitartekarien aurka eta Kolektiboaren beraren aurka egindako erasoa zentzugabea da Euskal Herrian eta zentzuz betetakoa Ebrotik behera eta Aturritik gora. Ezin argiago adierazi dute: ez dute konponketarik nahi. Estatu espainiarrak irakurketa zorrotza egin du EPPKren urte amaierako Adierazpenaz, eta euskal gizarteak ere tamaina berekoa egin duela uste dugu, erantzun bikaina emanez Bilboko kaleetan.

Kolektiboari egindako eraso zuzen-zuzena izan da bitartekarien atxiloketa. Herrira-ri egindakoan aurrekari izan zuena. Euskal preso politikoak bahituta gaude, gure herritik urrunduta eta sakabanatuta. Gure ekinbide politikoa errazteko izendatu genituen pertsona horiek, presook konponbide prozesuan gure alea eman dezagun. Hartara, espetxeratu dituzten bitartekariek egiten zuten lana ez zen gordea, hainbat eta hainbat eragilerekin egin dituzte bilerak, Kolektiboarekiko zubiak eraikitzen jardun dute. Kolektiboko mintzakideei utzi ez digutenean, beraiek eraman dute presoon ahotsa hainbat forotara eta gugana ekarri eragileen iritzi eta jarreraren berri. Bitartekarien lana eskertu beharrean gaude, eta zeregin hori ezinbestekoa izanik horretan arituko direnentzako gizarte-babesa eskatzen dugu.

JON OLARRA. EPPK-ak gure errekonozimendua eta esker ona eman behar diegu lan horretan diarduten guztioi. Bereziki orain atxilotutako zortziei, gure eztabaidan eta erabakien ahotsa izan direlako kanpoan. Gurea eta ez beste inorena. Bestalde, gure eztabaidetarako ezinbestekoak diren kanpoko eragileen proposamenak bideratu dizkigute gurea osatu eta aberastuz. Doakie gure estimu eta besarkada beroa.

Hau ez da soilik izan EPPK-ren mintzaidetza taldearen kontrako operazioa. Hau gure herriaren bakegintza eta normalizazioa finkatzeko lanean dabiltzan eragile guztien kontrako operazioa izan da. Eta noski, honek modu zuzenean erasotzen dio ere prozesu hori egonkortu dadin exijitzen ari den Euskal Herriko gehiengoaren nahiari.

Deseroso zaie gure ahotsa. Beldurra diote EPPK-k zabaldua duen harreman ildoak lor ditzakeen emaitzei jakin badakitelako horrek gatazkaren behin-betiko konponbidearen aukerari ateak bete-betean zabaltzen dizkiola. Abenduaren 28-an argitaratu genuen agiriaren ondoren zabaldu zitekeen aukeraren beldur ziren eta ohikoa duten biolentzi itsuarekin erantzun dute.

Arduraz jokatzea exijitu zitzaion kolektiboari eta horrela egin dugu udan burututako eztabaidaren ondorioak plazaratzerakoan. Ardura exijitzen dugu guk gure ahotsa eta aportazioa ziegen barne katea ez dezaten. Ezinbestekoa da, EPPK-k zabaldua zuen harreman ildoak bere horretan jarrai dezan, presoak baztertuz ezingo baita konponbiderik eman. Arduraz jokatzea eskatzen diegu EPPK-rekin harremanetan lanean dabiltzan guztiei, bai E.H-koak bai nazioartekoak. Arduraz gain bermeak ere eskatzen ditugu mintzaidetza lana normaltasunez egin ahal dadin. Administrazioek mintzakideokin elkartzeko jartzen dituzten trabak gainditzen ez diren bitartean kanpoan mintzaidetza lanean bitartekari dabiltzanen jarduera ezin du baldintzatuta egon, ezta ere mugatua, Barne Ministeritzaren operazio polizial berrien mehatxupean.

Zenbateraino eragin lezake horrek presoengan, Kolektiboa prozesua bultzatzeko neurriak hartzen ari denean? Baldintza lezake urratsak egiten jarraitzeko nahia? Zatiketak eragin litzake?
MARIXOL IPARRAGIRRE: Kolektiboko kideok oso kontziente gara zer nolako erantzukizuna dugun askapen prozesuan. Lehen eta orain. Horregatik, urte luzetan Kolektiboko kideok, guri eta gure senide eta lagunei egin zaizkigun era guztietako erasoei tinko eustea izan dugu ildo nagusitzat. Orain, estatuek prozesua kartzela frontean itotzea eta lokaztea erabaki dutenez geroztik, Kolektiboari zeregin berri bat egokitu zaio prozesu politikoan. ETA erakundearekin harremanak izateari uko egin ostean, alderdi eta eragileen arteko elkarrizketak eta prozesuak lotan, kartzeletako egoera okertzeko apustua egin du, horrek sortzen dituen tentsioek prozesua pikutara bidaliko dutelakoan. Horretaz kontziente ez bagina prozesua arriskuan legoke. Ezker abertzaleak egiten duen azterketarekin bat egiten dugu ordea, eta EPPK osatzen dugun kideok gure zeregin militantea une honetan prozesua elikatzea dela ulertu dugu. Azken eraso honek gure deliberazio kolektiboa indartu baino besterik ez du egiten, alegia.

JON OLARRA: Errepresioak bidea zaildu dezake, ordaindu beharrekoa areagotu. Baina bestelako ahalmenik ez du izan, eta ez du izango. Zatiketak eragiteko ahalmena txakur/zabor kazetaritzaren mailaren parekoa da, hutsaren hurrengoa. Prozesua elikatzeko ekarpena da gurea funtsean, eta kolpe bakoitzak ahalmen hori nahigabe biderkatu egiten du, alderaketan gure aldetik emaniko urratsak eta adierazitako borondatea are dirdiratsuago agertzen baitira. Joko zelaia menperatzen ez duenarentzat indar kolpeka aritzeko joera itsuak boomerang eragina izaten du. Ez al dute oraindik ikasi?

Adierazpenari helduz, etxeratze prozesu baterako lege-baliabideak erabiltzea ere ontzat eman duzue. Nola egingo duzue prozesu hori?
J.O.: Enfrentamendu gordineko garaietan, espresuki gure aurka sortutako salbuespen legedia altxa egin behar da legearen barne ere irtenbideak jorratzeko. Beraz ezinbestekoa da, lehentasunez, espetxe politika krudel honekin amaitzea benetako konponbide-etxeratze prozesua abiatu dadin. Prozesu horretan, legeak ere bere funtzioa eduki behar du, besteak beste, egin beharreko urratsei segurtasuna eta babesa emateko baliatu behar dira.

M.I.: Beraien bulegoetara goaz egungo beraien joko arauak, eskubideak errespetatzen dituen marko batera begira jar ditzaten. Denen konpromiso politiko batetik abiatuz, noski. Egin beharreko urratsa da eta egin egingo dugu, muga gure duintasun politiko eta militantean jarriz.

J.O: Hartara, gatazkaren ondorioen atal guztiak bildu behar dituen konponbidearen diseinuan eragile bakoitzak dagozkion ardura eta konpromisoak hartu beharko ditu. Guri dagokigun arlotan, Foro Sozialeko gomendioei emandako erantzunean aukera batzuk zabaltzen ditugu. Gure ardura eta konpromiso kolektibo zein pertsonalarekin. Garapen horren nola-norainokoak, prozesu dinamiko eta era berean denboran tasatua behar du izan, hartara begira eta denon artean adosten joan beharko dugularik.

M.I: Adostasun horren bila eta prozesua azkartze bidean, funtsezkoa eta premiazkoa da sakabanaketarekin amaitzea; egoera larriei berehalako irtenbidea ematea eta gure ahotsa, barruan zein kanpoan, normaltasunez entzun eta jorratu ahal izatea.

Bide honetan, EPPK osatzen dugun kide guztiok, modu indibidualean, gure alea jarri asmoz, Euskal Herriratze eskaerak abian jarriko ditugu. Guztiok batera egin beharrean, egoeren eta kartzela urteen araberako sailkapen bat egin dugu.

Horretaz gain, premiazkoa eta lehentasunezkoa da guretzat, egoera larriekin amaitzea, eta zentzu horretan larriki gaixo direnen edota 70 urtetik gorakoak direnenen kaleratzea ahalbideratuko lukeen eskaera egingo dugu.

Prozedura bat dago bide hori guztia jorratzeko. Hasteko, espetxe bakoitzeko Junta de Tratamiento delakoaren aurrean azaldu. Nola egingo duzue hori, zein jarrerarekin agertuko zarete?
J.O.: Bai, kartzeletako administrazioaren aurrean agertuko gara. Prozedura horretan jarrera duinarekin agertuko gara, garenari uko egin gabe, alegia. Egin beharrezkotzat jotzen dugu, gure eskaerek lege-marko bat izan dezaten. Ondorioa borondate politikoa eta indar harremanen araberakoa dela jakinda.

M.I.: Haien prozedura segituz, Euskal Herrirako gure destino aldaketa eskatuko dugu. Gure herrian berbatzeaz ari gara. EPPK, sujeto aktiboa izateko ezinbestekoa da kide guztiak espetxe berdinean egotea. Halaxe, bada, espainiar ziegetan gauzkatenok Zaballako espetxera trasladatuak izatea eskatuko dugu eta Frantziar Estatuetako espetxeetan gauzkatenok etxetik gertuen dagoen kartzelan biltzea.

J.O: Banaka agertuko gara, inposatzen zaigun sakabanaketa politika, krudela eta legez kanpokoa dela agertzen duten gomendio eta legeen berri emanez, eskubide urraketa horren ondorio latzak agertuz eta, gure adierazpen publiko edota posizio politiko horren aldekotasunean berretsiz. Guzti hori jorratzera goaz erabaki kolektibo baten pean.

M.I: Irizpide horiek betetzen ditugun bitartean, estatuek Kolektiboaren aurkako erasoari etenik jarriko ez diotela ikusita, gure babes- eta borroka-ildoak lantzen jarraituko dugu. Kolektiboaren eskaerek euskal jendartearen babes gero eta zabalagoa izan dezaten. Prozesuaren bilakaerak, hau da, gobernuen itxikeriak, eragile politikoen eraginkortasun ezarekin eta hedabideen konplizitatearekin, ardura oso handia jarri du gure bizkar: kartzela fronteak erabakiko du kale edo bale izango den. Ongi baino hobeto dakigu horrek zer esan nahi duen: borroka egin beharko dugula gure eskubideak errespetatu ez ezik askapen prozesuak ere aurrera egin dezan. Eta lege-bidezko prozedura horietan ausartzeko erabakitasuna izan badugu, estatuen aurrean eta euskal gizarteak eskatzen duen gure Euskal Herriratzearen alde borrokatzeko orduan, ez gara kikilduko.

Eragindako mina aitortzen duzuela esan duzue azken agirian, eta, bakoitzak bere erantzukizuna aztertzeko prestutasuna duzuela ere bai. Nola? Noraino?
J.O.: Argi esan dugu gatazkaren ondorioz alde askotan sortutako sufrimendu eta mina aitortzen dugula. Argi esan dugun bezalaxe, kolektibo honek eta gutako bakoitzak ere bere erantzukizuna aztertzeko prestutasuna duela, bermeak dituen prozesu baten baitan. Norberak Euskal Herriaren askapen prozesuan egin duena militante bezala egin baitu, erakunde , talde, mugimendu, lan esparru ezberdinen baitan. Guzti horiek osatzen dugu Kolektiboa. Preso politikook prestutasuna agertu dugu erantzukizunaren gaiari ere heltzekoa, euskal herritarrekin batera, berme aski duen prozesu baten baitan.

M.I.: Nola? Oinarrizko arrazoiei, egindakoari eta egiari helduz. Noraino? gatazkaren benetako konponbideraino, mende luzeetan herri honek ezagutu ez duen euskal demokraziaraino.

Hurrengo urratsak euskal herritarrekin eta euskal ordezkariekin adosteko gogoa agertu duzue. Ekimenari babesa handitzeko egiten al duzue? Posible ikusten duzue, adibidez, Lakuako Gobernuarengandik nolabaiteko sostengua izatea?
J.O.: EPPKk egin duen eztabaidaren baitan argi agertu da Euskal Herriratze prozesua euskal gizartearekin eta euskal herritarrekin batera egin behar dugula. Horregatik ere bideratu diogu ekarpena Foro Sozialari. Horrexegatik ere gure harreman ildoaren garrantzia, hausnarketa trukaketa eta bultza egiteko elkarlana, alegia. Gure egoera, ildo politikoa eta jarrera jakinarazi eta ulertaraztea helburutzat ere hartuz. Lakuako Gobernuaren berririk ez dugu, ordea. Badakigu beraien planean presook gaudela programaren baten, baina ez dakigu programa hori taxutzeko orduan norengana jo duten. EPPKrengana ez bederen.

M.I.: Lakuako gobernuari eskatzen diogu, garaian sakabanaketa politika abian jartzeko egin zuen indar berbera egin dezala orain sakabanaketarekin eta salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko, baita, gure herriak bizi duen urteetako gatazkari konponbide integral bat bilatzeko konpromisoa ere.

Bere garaian Jorge Fernandez Diaz, Barne ministroak iragarritako Birgizarteratzeko Programa mugimendu bat zela aipatu zuen Kolektiboak. Lakuak, bere aldetik, Hitzeman deiturikoa sartu du bere Bake Planean. Honelako formula baten beharra ikusten al duzue, presoen egoera konpontzen hasteko, edo ez diezue inolako baliagarritasunik ematen?
M.I.: Fernandez Diazen edo Jonan Fernandezen proposamenek baliorik izateko, zein helbururekin eginda dauden ikusi behar da. Ezker abertzalea, eta gu berarekin, konponbide prozesu batean sartuta dago. Gure helburu politikoak ez ditugu baztertu, inolaz ere; baina Euskal Herrian ETAk borroka armatua utzi zuenez geroztik egoera berri bat dagoela barneratu eta gure jokabideak eta jarrerak aldatzeari ekin genion. Inguruan ez dugu halako jarrerarik ikusten ordea: batzuk, gatazkan inolako ardurarik izan ez dutela sinestarazi nahian, begiraleen eserlekuan jarri dira; besteek, garaituak behar dituzte; eta batzuek eta besteek, euskal bahitu politikook burumakur eta barkamen eske nahi gaituzte, helburu hori erdiesteko gure eta gure senide eta lagunen eskubideak beita gisa erabiliz; beti egin duten bezala.

J.O.: Esan moduan, birgizarteratzeko programen ekimenaz ezer gutxi dakigu. Ez da inolako kontraste edo kontakturik izan EPPK ekimenaren hartzaile izan dadin. Plana edo dena delako horrek Estatuei begirako exijentziarik ez dirudi egiten duenik, ez inolako aktiborik proposatzen presoon oinarrizko eskubideak babestu daitezen, dispertsio politikarekin amaitzeko bereziki. Atzo eta gaur, Eusko Jaurlaritzaren egitasmoaren diskurtsoa iluna izateaz gain zeharo teorikoa da, espetxe politika arinduaren leloa goi malako hodeiertzetan galtzen den begirada soila izanik.

M.I.:Orain arte, gure duintasun politikoa erasotu eta gure kaleratzea oztopatzen duten planak baino ez dizkigute aurkeztu. Bilakatu dezagun Zaballa benetako etxeratzearen/konponbidearen erreferente.

Ez dirudi oraingoz bi gobernuen itxikeria aldatzeko aukerarik dagoenik, baina zuek aurrera egingo duzuela iragarri duzue. Zer egin gobernuek ezezkoan jarraitzen badute?
M.I: Borrokan jarraitu. Garrantzia duena askapen prozesua da. Eta abiatu, garatu eta burutu behar izango den prozesua kartzela fronteko lokatzetara eraman dutenez, gure ardura eta erantzukizuna hartu beharrean aurkitzen gara.

J.O.: EPPK-k orain arteko dinamika berberean jarraitzeko determinazio osoa du. Aipatu askapen prozesuaren garapen horretan, gure kolektiboa aktiboa izatea gomendagarria eta beharrezkoa da, halaxe gainera munduan zehar eman izan diren gatazken konponbideak erakutsi duten legez. Azken batean, alde anitzen adostasun eta konpromisoen bidez gobernuen blokeo eta ukoa gaindituko dituen diseinu osatu horren ibilbidean segi behar dugu lanean, konponbiderako konprometituak garen eragile zein erakunde oro.

M.I.: Euskal presook Euskal Herriratzeak sekulako bultzada ekarriko lioke prozesuari. Foro Sozialetik eta bestelako instantzietatik EPPKri eskatu zaio urratsa egitea. Eta egin egin dugu, ardura politikoz. Jakinaren gainean urrats horrek ez duela gaur gaurkoz butxadura askatzen. Baina konbentzimendu osoa dugu euskal jendarteak lortuko duela.

Uka ezina da adierazpen honek EPPK-k inoiz esan ez dituen gauzak eta inoiz ez dituen neurriak dakartzala. Erabaki zaila izan da ? Kezkatzen zaituzte ezker abertzalearen barruan zein kanpoan egin daitezkeen irakurketek (ahultasun seinaletzat hartzea, esaterako)?
M.I: Ez da erabaki erraza izan, gauzkaten egoeran eztabaida zinez konplexua delako. Zeharka eta idatziz egin behar izan dugulako eta baldintza oso traketsetan. Baina zaila baino esango genuke erabaki ausarta izan dela. EPPKk bere egoera aitzakia gisa erabil zezakeen urratsik ez emateko. Kanpoan etsaiak hedatzen duen diskurtso harroari kasurik egin gabe, kartzeletako egunerokoan bizi dugun muturreko egoeraren gainetik hartutako erabakia da. Gure egoera urratsik ez emateko aitzakia gisa erabili ordez, aurrera egitea erabaki dugu. Ez dago egoera zailik borrokan urratsak egitea ekiditen duenik.

Guk lortu badugu, eragile politiko eta sindikalek, denborarik galdu gabe eta arduraz jokatuz, horretara behartuak sentitu beharko lirateke, ulergaitza egiten baitzaigu batzuen hitzak nolako erraztasunez desagertzen diren edota, etengabean, betiko jarrera geldoei lotzen diren.

J.O.: Kolektiboa indartsu dago. Azken urte hauek, gainera, halaxe erakutsi izan dutelakoan gaude. Geure etxea lorez apaintzeko asmotan ibili gabe, esan dezakegu ere gobernuen erasoa biderkatzen ari den honetan tenple politiko handia erakutsi dugula. Eta horretan indargabetua izan da 197/2006 doktrina, Josu Uribetxebarriaren askatasunaren aldeko borrokaldi orokorra eta hainbat espetxeetako erasoen aurrean eman izan ditugun erantzunak. Sinesmenak eta indarrak egin gaitu gai azken erabakiak hartzeko. Eta horri atxikituriko ekimenaren garapenean ere gure hautu politikoaren osasuna maila berberean kokatuko dugu.

Agertoki berriarekiko konpromisoa azaldu eta aurrerantzean bide politiko eta demokratikoei soilik eusteko prestutasuna azaldu duzue. Hori eskatzen zen lehen. Orain, barkamena eskatzea eta damutzea exijitzen dute batzuek.
J.O.: Ez dira inoiz asmo eraikitzaile batetik egindako eskaerak izan. Kontrakoa, gu zatitzeko eta konponbidea lokazteko helburuarekin daramatzaten estrategia orokor baten atal bat besterik ez dira egunez egun aldatzen doazen etengabeko eskaera horiek. Etenik gabeko ukoan eta inposizioan agertzen zaizkigun jarrera bortitz guzti horien gainetik kokatu nahi du EPPK-k. Ordea, behin eta berriz esan dugun bezala, dinamika eraikitzaile eta gatazka politikoa zein honen ondorioak behin betiko konpontzeko bideratuak diren proposamen guziak aztertu eta parte hartzeko borondate argia du EPPK-k, Foro Sozialeko gomendioei emandako erantzunean adierazi dugun bezala.

M.I.: Guk badakigu Gobernu espainiarrarentzat ezer ez dela sekula aski izango. Asegaitzak dira. Beren aitzakien zakua ez da agortuko. Gure konpromisoa argia da, ez dago borroka armaturik Euskal Herrian eta guk ez dugu testuinguru berri honetan borroka armatua tresna politiko bezala erabiltzea kontenplatzen gure herriaren askatasun prozesuan.

Zergatik diozue « etorkizuneko gatazka saihesteko irtenbide partzial eta faltsuak » ekidin behar direla? Zeri buruz ari zarete?
M.I.: Euskal Herriko gatazkak erro politikoak ditu. Horiei heldu behar zaie era berean ondorioei, ondorio guztiei irtenbide bat emateko. Hortik, bada, konponbidea integrala behar duela izan, integrala eta benetako konpromiso politikoari atxikiz. Hau da: ez partziala ez faltsua. Eragile politikoek gatazkaren erro politikoei heltzen ez dieten bitartean gatazkaren kimua hor egongo da. Orain preso gaudenak aterata ere, kartzelak berriro beteko lituzkete, bidegabekeriaren aurka altxatuko liratekeen borrokalariz.

Euskal Herriaren eta euskal herritarron eskubideen aldeko mendeetako borroka molde guztiek sortutakoak ekarri zuen zanpaketa eta oinarri-oinarriko eskubide gabeko egoera da konpondu behar dena. Gure herriak beste edozein herrik bezala bizitzeko, garatzeko eta inguruekiko eta urrun daudenekiko elkartasunez aritzeko eskubidea izan behar du, bertan bizi diren biztanle guztiei bizi-baldintza duinak emateko, norberaren hautu politiko eta kulturalak errespetatuz. Guztionak. Hori da eginkizun dugun prozesu politikoa. Eta preso politikoon egoera konpontzea bide horretan egin beharreko urratsa izan behar da.

Herritarren garaia dela adierazi berri dute azken hileetan ateratako preso ohiek. Zer egin dezakete herritarrek, zer eskatzen diezue?
J.O.: Lehenik eta behin, gure zorionik beroenak eta besarkada borrokalari sutsuena bahiturik mantendu eta azken hilabete hauetan kaleratzea lortu izan ditugun burkide horiei. Atera bezain pronto, zutik, duintasun politiko osoz eta txalogarria egiten zaigun beraien betiereko apaltasun eredugarri medio, nolatan EPPK-ren ildo eta ausardia politikoari hauspoa eman dioten. Gora zuek!

Gu ezer eskatzen ibiltzea baino, geureari ekiten dihardugu. Militantzia politikoak ekarri gintuen honat eta eremu honetatik ere ematen segitzeko hautua egin genuen. Kontua da euskal gizarte anitzak berak exijitzen dizkigula guztioi ahaleginak gatazka politikoaren eraldaketan, normalizazio prozesua, behin betirako egonkortu dadin. Jendartearen gehiengo horren nahia indar iraunkor eta eraginkor izan dadin lortu behar da, eta horrek egitura ezberdinak gainditzen ditu, herritar bakoitzari dagokion ardura ere bada. Izan ere, zoritxarrez, instituzio eta zenbait alderdien adierazpen eta ustezko konpromisoak interes partikular edota alderdikeriaren ildotik agertzen zaizkigu. Arbuiagarria benetan! 

M.I.: Bai, herritarren garaia da Euskal Herrian, beraiei prozesuaren alde jarduteko aukera eskaini nahi diegu, eragile izan daitezen, estatuen itxikeria gainditzeko gurekin bat egin eta denon artean prozesuari bultzada eman diezaiogun. Lehentasunez, Dispertsio politika eta salbuespen neurriak gainditzeko bidea elkarrekin egitea da eskaintzen eta eskatzen dieguna.

Ondo lerratuta ikusten duzue euskal jendartea, nola baloratzen duzue urtarrilaren 11ko manifestazioak erakutsitako indar metaketa eta lortutako emaitza?
M.I.: Mobilizatzeko gaitasun handia dago EH-n, baina egungoak haragoko konpromiso eta dinamikak exijitzen ditu. Hainbat eskabideen inguruko indar metaketa inoizko handiena da eta horri jarraipen bat eman behar zaio, segida hori bideratu eta indar eginez. Beraz, Kataluniara inbidiaz begira izateak gaur egun gure herrian hau ote den indar egiteko unea zalantzan izateak, horrek ez du tokirik. Atzera egitea bezain besteko jarrera da hori. Etxean geratzeko garaiak ez dira!

J.O.: Bilboko manifestazioaren argazkia oso indartsua da. Poztekoa benetan. Argazki horri tamainako konpromisoa erantsi behar zaio. Pankartari helduta edota horren hurbil zeudenei dagokie orain antolakuntza egoki bat sortzea. Egun bateko konpromisoa ondo dago, biharamuneko hitzak ere politak suertatzen dira, baina gure herri honen etorkizuna geurea izateak konponbidearen dinamiketan eragile aktiboak bilakatzea exijitzen du, elkarlan zintzo bat, benetako eta etenik gabeko borondate politiko praktikoa, alegia. Etxeko lan edota bide orri horrek berorrek eta ez beste ezerk mugituko ditu Madril eta Paris.

197/2006 Doktrina azkenean Europako Auzitegiak baliogabetu zuen. Nazioarteak aurrerantzean ere funtzio erabakigarria izan dezakeela uste al duzue ? Horri begira ere kaleratu duzue adierazpena?
J.O: Behin eta berriz salatu dugu euskal militanteen espetxe zigorrak gogortu eta gure kaleratzeak oztopatzeko espreski eraikiak izan diren salbuespen neurriak. “Si no existen pruebas se construiran” esan zuen inongo lotsarik gabe PSOE-ko justizi ministroak. “Haremos ingenieria juridica” deitzen dio gauza berari PP-ko Barne Ministroak. Europako Auzitegiaren erabakia Euskal Herrian hainbeste urtetan zehar salatu dugunaren baieztapen bat da. Nazioartean hemen gertatu eta gertatzen ari denaren jakitun zuzena egin behar dugu eta ahal den neurrian parte hartzaile ere. Baina konponbidea Euskal Herrian eraiki behar dugu. Euskal Herrian gatazkaren atal ezberdinak bilduko dituen prozesu oso bat garatzen dugun neurrian jasoko dugu babesa eta bultzada nazioartetik.

M.I.: Nazioarteak izango duen funtzioa Euskal Herrian egingo dugun indarraren araberakoa izango da. Europako Auzitegiak gure alde egin du oraingoan. Justiziaren alde. Edo bidegabekeria bat amaitzearen alde. Baina ez gaitezen orain Europako Auzitegiaren ebazpen baten zain egon sakabanaketak eta urruntzeak egunero-egunero eragiten duten minarekin eta arriskuekin amaitzeko. Sakabanaketa eta deportazioarekin amaitu behar dugu denon artean. Euskal Herriari eta euskal jendarteari begira kaleratu dugu Adierazpena. Orain lan itzela dugu Adierazpen horren esanahia azaldu eta Espainiako eta Frantziako gobernuek kartzela frontea helburu hartuta prozesua usteltzeko egin duten apustua salatzeko.

ETAk jardun armatua amaitutzat jo ondoren presoen egoerak oraindik okerrera egin al du? Helburu zehatz baten bila hartutako neurri hausnartua dela uste al duzue?
M.I.: Euskal preso politikoen egoera ez da inoiz ona izan. Kontua da ETAk jardun armatua amaitutzat emanez gero, pentsatzekoa zela kartzelen eremuan nolabaiteko distentsioa eta ordura arte eraso egiteko erabili diren hainbat neurri bertan behera utziko zituztela gobernuek, edo bederen arindu. Eta, bai, kontrakoa da ikusten ari garena. Frantziako kartzela administrazioari dagokionez, lehen ez zuten "politizazioa" ikusten ari gara hartzen ari diren hainbat neurri eta erabakiren atzean, espainiar gobernu eta hedabide ultrenen argudioak bere eginez.

Dudarik ez dago, zalantzazko une baten ondoren, kartzeletan tentsioa areagotzeko erabakia berariaz hartu dutela bi gobernuek. Horretan asko lagundu du gure ustez ETAk borroka armatua bertan behera uztea erabaki ostean, ordura arteko prozesuan aldez edo moldez hurbilean izan ziren eragile politiko batzuek erakutsi duten jarrera inboluzionistak.

J.O.: Azken lau urte hauetan EPPK-n kontra hartu duten jarrera ez da intentziorik gabe izan, Oso helburu argia izan du: ezker abertzalearen oinarria estrategiaren eztabaida bete-betean murgildua zegoenean, gu kolpatu gure isolamendu fisikoa zein politikoan indar eginez (bitartekarien atxilo eta espetxeratzea kasu) gauero amesten duten ezker abertzalearen zatiketa emango zelakoan. Behin eta berriz huts egin dute. Aplikatzen zaigun isolatze politika hau zeharo mingarria da. Baina mingarria bezain antzua gu gure herriko jendarte eta errealitate politikoarekiko isolatze saiakera oro.

Bukatzeko, nola espero duzue joango dela, hemendik aurrera, konponbiderako prozesua ? Zein helburu jartzen duzue 2014. urtearen bukaerarako ? Zer nolako egoera aurreikusten duzu epe ertain bati begira?
M.I.: Asmoak baino ezin ditzakegu mahai gainean jar. Gauzak ez dira berez etortzen, ekin egin behar da dagoena aldatzeko. Guretzat Bilbon urtarrilaren 11n bildu zen jendetzaren mezua honokoa izan zen: «2014a euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko urtea izan behar da!». Gure ustez helburu horrek inoizko adostasunik eta babesik zabalena du euskal jendartean. Erabaki politiko historikoak hartu eta jada eszenatoki berri batean murgildurik aurkitzen garela, euskal preso politikook eskubideen jabe eta etxeratze bidean, Euskal Herrian egotea guztion arten erdietsi beharreko helburua iruditzen zaigu. Askatasunera eta bakera hurbilduko gintuzken urrats garrantzitsua litzateke.

J.O.: Eragile sozial eta politikoei ahalik eta azkarren EPPKren mintzakideokin harremanetan jar daitezen dei egiten diegu, helburu hori lortzeko zer egin asmo dugun azal diezaiegun. Euskal herritarrei, aldiz, gure jarduera politikoa eraginkorra izate aldera zubi diren bitartekariak babestu ez ezik beraiek ere gure ahotsa izateko deia egiten diegu. Presoak Euskal Herriratzeko erabakia hartzera behartu behar ditugu estatuak. Gu horretara goaz: 2014 amaieran euskal preso politikoen senide eta lagunek ez dezatela gehiago bidaia luzerik egin behar izan Euskal Herritik kanpo gu ikustera etortzeko bizia arriskuan jarriz. Helburu ederra iruditzen zaigu, onura besterik ekarriko ez duena gainera, mundu guztiarentzat eta batez ere konponbide prozesuarentzat. Giltza haiek badute ere, egin beharrekoa egitea gure esku dago. Adierazpenean esan bezala, horretan EPPKko kideok ardura osoz jokatuko dugu. Helburu hori lortzeko dugun onena emango dugu.