INFO

Hamalau lagun epaituko dituzte Madrilen, presoen senideen aldeko kalejira batean parte hartzeagatik

Arabako Bertsozale Elkarteak babesa adierazi die Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor bertsolariei, 2012ko ekainean Gasteizen preso eta iheslarien senideen omenezko kalejira batean bertsoak kantatzeagatik Auzitegi Nazional espainolean epaituko baitituzte beste hamabi lagunekin batera. 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorrari egin beharko diote aurre.

Arabako Bertsozale Elkartearen agerraldia, Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor babesteko. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

2012ko ekainaren 30ean Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoietako egitarauaren barruan preso eta iheslarien senideen omenezko kalejiran parte hartzeagatik hamalau lagun epaituko dituzte Auzitegi Nazional espainolean otsailaren 24 eta 25ean, «terrorismoa goratzea» egotzita. Auzipetuetako hamaika senideak dira, bi bertsolariak –Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor– eta bestea kalejiran parte hartu zuen elektrotxarangako abeslaria. Hamahirurentzat hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute, eta hamalaugarrenarentzat 24 hilabetekoa.

Arabako Bertsozale Elkarteak bi bertsolari hauei babesa helarazi die agerraldi batean eta egoera honek «libreki adieraztea eta sortzea galerazten» duela salatu du. «Adierazpen askatasuna urratu eta euskarazko kulturgintzari zuzenean erasotzen diola uste dugu», adierazi du Ekaitz Elorriaga elkarteko lehendakariak.

Gogora ekarri duenez, bertsolariek «garaian garaiko eta tokian tokiko gertakizunen gainean kantatu izan dute beti, haien sentimendu eta pentsamenduak adieraziz. Horregatik, beharbada, beren jarduera jazarria izan da historiako hainbat momentutan. Garai horiek gainditutzat genituenean etorri da bertsolarien kontrako eraso zuzen hau», salatu du.

Elkartearen iritziz, kultur jarduera batengatik «kartzelaratzeko mehatxua benetan larria da, guztiz onartezina eta irmoki salatu nahi duguna». Bere ustez, kulturak, biziko bada, «ezinebestekoa du sortzaileak bere sentimendu eta pentsamenduak libreki adieraztea, eta epaiketa prozesuak berak dagoeneko baldintzatu egiten du adierazpen askatasuna».

Horregatik, Apaolazari eta Pastorri elkartasuna adierazi die eta kargurik gabe aske gera daitezen eskatu du. «Bertsoa aske, kultura aske», aldarrikatu du.