‘Gure Hitz Bidea’-k 100 ipuineko ekarpena egingo dio erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikari
‘Gure Esku Bidea’ lelopean iritsiko da ekainaren 8ko giza katera Gure Esku Dago dinamika, eta horri ‘Gure Hitz Bidea’ izeneko egitasmoa gehitu nahi izan diote bost ipuin kontalarik. GARA eta NAIZen eskutik egunero ipuin bana argitaratuko da erabakiaren alde eta ipuin kontalaritzaren tradizioa aldarrikatuz. Doro Zobaran, Itziar Rekalde, Bea Egizabal, Ixabel Millet eta Joxemari Carrerek prestatu dute 100 ipuineko sorta.
Marxoaren lehenetik hasita egunero ipuin bana argitaratuko ditu NAIZek bideo formatoan erabakitzeko eskubidearen aldeko ekarpena izan asmo duen ‘Gure Hitz Bidea’ egitasmoaren baitan [Hemen webgune berezia]. Bost ipuin kontalari ditu protagonista, eta Gure Esku Dago dinamikaren baitan ekainaren 8rako Durango eta Iruñea artean ‘Gure Esku Bidea’ lelopean antolatu den giza kateari ekarpena egitea xede.
Albiste honetan duzue ikusgai sorta honetako lehen ipuina, ‘Goroldioarena’, Joxemari Carrere egitasmoaren bultzatzaileak kontatuta.
Carrerez gain Doro Zobaran, Itziar Rekalde, Bea Egizabal eta Ixabel Milletek ere parte hartu dute egitasmoan. Guztira 100 izango dira argitaratuko diren ipuinak eta inspirazio iturri Vilaweb agerkarian ‘300 contes per a un Tricentenari’ ekimena hartu dute.
Ahozko altxorra kalera
Egitasmoak, bide batez, euskal kontalaritza ezagutaraztea ere helburu du. ‘Kontu zaharrak’ izenburupean osatutako testu honetan laburtu du Joxemari Carrerek zer aurkituko duen ikus-entzuleak 100 ipuineko abentura berri honetan:
Hemen aurkezten diren ipuinak guztienak dira eta ez dira inorenak. Euskal Herrian kontatuak, entzunak eta bilduak izan dira, baina Europako, beste zoko askotan topa ditzakegu, beste erara eskainiak; izan ere, kontalariak moldatzen baitu istorioa bere ingurura. Istorioak, ipuinak, kontakizunak hitz askeetan dabiltza, ahotik ahora, kate etengabea sortuz. Kate hori etendakoan, istorioa eteten da, baina batez ere eteten da kontalariaren ahotsa. Hitza desagertzean, zerbait gehiago desagertzen da, herri batek belaunaldiz belaunaldi sortzen, moldatzen eta garatzen joan den kultura herren gelditzen da, isilik. Cerquand, Webster, Azkue, Barandiaran, Arratibel eta beste asko, biltzaile nekaezinak genituen, horien lanari esker orain ipuin hauek eskain ditzakegu. Herri baten imaginario biltzen saiatu ziren, eta gu, agur egungo euskaldunok, imaginario hori garatzen, aberasten eta modernizatzen ahalegintzen gara.
Hemen aurkezten diren ipuinak, istorioak, legendak… euskaldunok mendetan sortu duten imaginarioaren erakusle dira. Handik eta hemendik ekarritako kontuak bere iruditeri propiora moldatu izan dituzte, nortasun propio bat garatu arte, munduan beste leku askotan gertatu bezala. Kontu zaharrak esan ohi zaizkio askotan ahozko tradiziotik ekarritako ipuinei; oraingoan ordea, kontu zahar horiek, jendarte berrira ekarri nahi ditugu, hitza gal ez dadin, irudimenaren katea ez dadin eten. Ipuin hauek izena jartzen diote izana duenari. Voltaire-k esan omen zuen euskaldunak dantzatzen eta kantatzen zuen herri bat zela, baina euskaldunak, batez ere, istorioak kontatzen duen herrikoak gara.
«Zaharrek, nire laguntzaile prestuek, laster ez liezaiokete inori konda beren oroitzapenetako altxorra. Oraingo belaunaldia eten bat egiten ari da herri tradizioan». Halaxe mintzo zen 1875ean J-F. Cerquand-k bere Euskal Herriko ipuinen bildumaren harira. Ipuin hauek kontatzea oroitzapenaren altxorrera bidaiatzea da, katea eten ez dadin. Denetako istorioak daude, irrigarriak, mitologikoak, pasadizoak, legendak…, guztiak egungo ahotsera ekarriak, izan ere, tradizioa egunez egun gartzen den zerbait da. Tradizioa ez da zerbait geldia, hautsak hartua, ohituretan gotortua, tradizioa aitzinetik datorkigun ondarea da, eta guri dagokigu gure garaietara moldatzea, gure jendartera. Ipuin hauek, gure kulturaren ondare dira, eta horiek kontatuz euskaldunok gure hitza aldarrikatzen dugu. Gure hitzaren eskubidea.