Haurdunaldia delitu
Espetxealdiak, maiz, seme-alabak izateko aukera zailtzen du. Estatu frantsesean, harreman sexualak debekatuta izanik, ia ezinezko egiten du presoa aita edo ama izatea.
Gabi Mouescak 17 urte eman zituen presondegi frantsesetan preso eta aitatasun eskubidea aldarrikatuz, aita izateko laguntza medikua galdegin zuen bertan. Ez zioten laguntzarik eman, izan ere, laguntza medikua izateko arazo medikua izan behar zuela esan zioten. Bere arazoa ez zen medikua, espetxean egonik haur bat izatea debekatua zuen.
Entzutetsua izan zen Iker Beristain Algortako preso ohiak 2010. urtean bere aitatasuna aldarrikatzeko aurrera eraman zuen gose greba ere. Le Vert epaileak, Beristainen aitatasuna zalantzan jarriz, bisitak ukatu zizkion Jare alabari. Hiru hilabete baino gehiago itxaron behar izan zituen bere alabatxoa ezagutzeko.
Espetxetik atera ondoren, Presondegietako Nazioarteko Behatokiko zuzendaria izan da Gabi Mouesca eta bere postutik ere gogor salatu ditu harreman sexualei ezartzen zaien debekua. Bereziki, emakume presoak izan ditu gogoan eta kondena luzea jasan duten emakumeek ama izateko aukera ere galtzea oso larritzat jo du.
Estatu espainolean, sexu harremanak eduki ahal diren arren, hilean behineko aurrez aurrekoa eta obulazioa bat etortzea ez da lan erraza. Karmelek urte eta erditik gora itxaron behar izan zuen haurdun gelditzeko. Zortekoa sentitzen da, hala ere, espetxe munduan urte eta erdi ez baita denbora asko. Haurdun gelditu aurreko uneak frustrazio handiarekin gogoratzen ditu: «Hilabeteak pasatu eta hilekoa jaisten zitzaidanean, sekulako kolpea hartzen nuen. Bisa, gainera, hilabete lehenago hartzen dugu eta hilekoa atzeratu edo aurreratzen bazaigu, akabo aukera».
Debekuak eta ezintasunak buruari eragitea dakarte eta asko dira xiringa berezien bidez eta esperma ezkutuan aterata haurdun gelditzea lortu dutenak.