INFO

Jarraipen zabala ikasle grebak Donostian, goizean goizetik abiatutako mobilizazioekin

Goizeko 08.00etan abiatu dituzte ikasleek greba eguneko lehen piketeak Donostian. Asanbleek, lan taldeek, eta manifestazioek jarraipen zabala izan dute Gipuzkoako hiriburuan egun osoan zehar. Kalera irten da Lomceren aurkako eta hezkuntza nazional baten aldeko aldarria.

Donostian, Udaletxe parean, ikasle andana eguneko mobilizazio nagusian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostian 8.00etan hasi dira ikasleak mobilizazioekin, piketeak eginez. Ehunka izan dira protesta jardunaldiarekin bat egin eta udaletxe aurrean egin dute eguneko lehen elkarretaratzea, 10.00ak aldera. Bertan egun du Ertzaintzak ere lehen agerpena.

Ikasleak udaletxe aurretik Hezkuntza ordezkaritzara abiatu direnean Ertzaintzak gelditu egin ditu, nonbait manifestazioa egiteko baimenik ez zutelako. Ordu laurden inguruko geldialdi baten ostean, aurrera egiteko baimena jaso eta Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean bigarren elkarretaratzea egin dute.

11.30ean Arkitektura eskolaren aurrean zuten jarria zita. Hala, Kontxako pasealekuan barrena Ibaetarako bidea hartu dute ehunka lagunek, ‘Ikasle, altxa, hasi da iraultza’ edo ‘Hemen, gaude, hezkuntzaren alde’ gisako oihuak eginez. Ibaetan beste hamarnaka lagun zituzten zain, manifestazio jendetsua osatuz.

Carlos Santamaria liburutegian sartzea zen ikasleen helburua, eta hala egin dute. Arkitektura eskola aurrean egin duten geldialdiaren ostean manifestazioa egin dute Ibaetako campusean barrena, ondoren denak liburutegira zuzendu direlarik. Arazorik gabe sartu dira barrura. Uste baino ikasle gehiago elkartu dira eta zailtasunak izan dituzte egunaren nondik-norakoak eztabaidatzeko egin nahi zuten asanblada ospatzeko. Azkenean, hamar lan taldetan elkartu dira gazteak, arratsaldeko ekimenak zehazteko.

Arratsaldean zehar ere jarraitu dute mobilizazioek eta ikasle andana batu da EHUko campusaren pareko biribilgunean egin duten elkarretaratzera.