Izagirrek Donostiara gonbidatu ditu Kultur Hiriburutzaren Europako ordezkariak
Eskutitz bidez, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek gonbidapena luzatu die Kultur Hiriburutzaren Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kideei Donostiara etorri eta Donostia 2016 egitasmoa bertatik bertara ezagutu dezaten.
Donostia 2016 Patronatuaren presidente eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Donostiara gonbidatu ditu Kultur Hiriburutzaren Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kideak, proiektuaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutu ditzaten.
Izagirrek gutun bidez egin dio gonbidapena Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeari. «Donostiara etor zaitezten gonbitea egiten dizuet, bertatik bertara DSS2016EU Fundazioa egiten ari den lana ezagut dezazuen», dio zehazki igorritako eskutitzak.
Gutun berean, Donostiako alkateak gogorarazi du Jarraipen Batzordeak bere eskuetan duela Donostia 2016ren lantaldea egiten ari den lanaren berri jasotzen duen txostena. Hain zuen, martxoaren 31n igorri zuen Donostia 2016k Europara laneko txosten hori, egiten ari diren lanaren gaineko xehetasunak luze-zabal biltzen dituena.
Donostiako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Europako Batzordeak Izagirre beraren eskutik ezagutzen ditu apirilaren 1etik Kultur Hiriburutzan izan diren gertaera guztiak, Itziar Nogerasen dimisioa tarteko.