INFO
Elkarrizketa
Josu Arrizabalaga
«Itziarren semea» zen Andoniren anaia

«Nik orduan ez nuen sinesten Muñecas bezalako pertsonarik munduan egon zitekeenik»

Ez da erraza oroitzapen mingarriak memoriaren atzealdetik aurrealdera ekartzea. Baina ahaleginak merezi duelakoan dago Josu Arrizabalaga. [Elkarrizketa hau Auzitegi Nazionalak Jesus Muñecasen estradizio eskaera atzera bota aurretik eginda dago].

Josu Arrizabalaga.

Oroitzapen mingotsak bata bestearen atzean datozkio Josu Arrizabalagari (Ondarroa, 1945). Azken asteak ez dira errazak izan. Jesus Muñecas Guardia Zibileko kapitain ohiaren estradizio eskaerak gertaera lazgarriak ekarri dizkie gogora senitartekoei. «Oroitzapenak memoriaren atzeko aldean dituzu eta orain aurreneko planora ekarri behar dituzu. Esfortzu hori egiteko gai gara eta gustura egiten dugu, jendeak jakin dezan zer gertatu zen. Baina horrek prezioa dauka eta kontakizunean gertakizuna bizi egiten duzu berriro. Harrizkoak ez gara eta hunkitu egiten zara, malkoak ere ateratzen dira, baina merezi du», aitortu du. Arrizabalaga-Basterretxea familian gertutik ezagutu dute errepresioa. Etxean hamar ziren eta haietatik zortzi atxilotuak izan ziren, gurasoak barne. Hiru anaiek kereila aurkeztu dute Muñecasen aurka jasandako torturengatik: Andonik, Mikelek eta Josuk berak. Andoniren kasuan Jon anaiak aurkeztu du.

Madrilgo Audientzia Nazionalean agertu zen Muñecas hilaren 3an. Zer sentitu zenuen hura aretoan ikustean?
Dena gogorarazi zidan, baina interesgarria izan da aurpegia jartzea. Hura bizitakoan gorrotoa sortzen zaizu baina urte asko pasa dira eta ez diot inolako desio txarrik. Aitor dezala egidakoa eta egin dezatela justizia.

Argentinako Servini epailearen estradizio eskaerari ezezkoa eman zioten bai fiskalak bai defentsak. Zer iruditu zaizu fiskalak izan duen jarrera?
Fiskala da, une honetan, Muñecasek daukan defentsa abokaturik onena. Horrekin ez goaz inora. Ez neukan estraditatuko zuten esperantzarik. Ez dute inolako zirrikiturik ireki nahi, hori eginez gero gertatua lau haizetara zabalduko litzateke. Argentinan, bai, han justizia egingo litzateke. Esperientzia handia dute horrelako kasuekin

Fiskalaren esanetan, Muñecasen delituak preskribatuta daude. Inoiz preskribatzen al dira era honetako gertakariek?
Ez, ezinezkoa da. Torturaren zulo beltza ondo estaltzeko torturatu guztiek esan behar dute zer gertatu zaien. Torturatuak eta jipoituak izan garen denok kontatu egin behar dugu gure errelatoa. Izan ere, ‘Itziarren semea’ guztiok gara. Ulertzen dut batzuentzat oso gogorra dela, baina beharrezkoa da. Inolako erruduntasunik sentitu gabe lau haizetara zabal dezatela eurei zer gertatu zaien. Ondoren Estatuak onartu beharko luke sistematikoki torturatu duela, aitortu zeinek egin duen eta zeinen agindupean egin duen. Eta gero justizia egin. Nik ezin dut frogatu bizi izan nuena eta inor ez dago ni sinestera behartuta, baina nik kontatzeko eskubidea dut. Atxilotuak esaten badu ez dutela torturatu, nik sinetsiko diot, baina bestela Estatuak frogatu egin behar du ez duela torturatu. Estatuak hori frogatzeko baliabideak izan ditu eta baditu, baina ez ditu erabili. Zergatik? Informazioa ateratzeko metodo bezala erabili duelako.

Andoni nola gogoratzen duzu?
Anaia-arrebotan bigarrena zen Andoni. Mont Blancen hil zen, eskalatzen ari zela, 1984an. Oso mendizalea zen. Kartzelatik atera eta sei urte egin zituen kalean. Konpromiso politiko handia zuen eta ez zion inoiz utzi horri.

Heriotza zigorrera kondenatu zuten eta 1977ko amnistiarekin atera zen kalera. Nola bizi zenuten hura guztia etxean?
Heriotza zigorra eta epaiketa militarraren inguruko guztia ikaragarria izan zen etxeko denontzat. Familian elkartuta egon gara beti eta horrek nolabaiteko babesa ematen dizu.

Behin baino gehiagotan atxilotu zuten.
Aurreneko atxiloketa 1964an izan zen. Orduan ere torturak egin zizkioten, baina ez ondorengoak bezalakoak. Zarauzkoa izan zen... [Isilunea]. 1968. urtea zen eta Ondarroan atxilotu zuten. Gipuzkoan salbuespen egoera zegoen ezarrita –Meliton Manzanas hil berri zuten eta gauza oso beltz jarri zen hemen–, baina Bizkaian ez. Ondarroan atxilotu zuten. Han 72 ordu baino gehiago ezin zutenez eduki polizia etxean, Zarautzera ekarri zuten. Lehen jipoiak eta ostikoak Ondarroan bertan jaso zituen, polizia etxean. Ikaragarrizko amorrua zioten hango guardia zibilek! Ordura arte ezin izan zuten harrapatu...

Aita eta biok etorri zineten.
Ez dakit seguru nola jakin genuen hemen zegoela. Abuztua zen, sekulako eguraldia egiten zuen. Ni orduan fraide nengoen Lazkaoko beneditarren komentuan eta sotana soinean nuela etorri nintzen. Andonigatik galdetu eta pixka batera Muñecas bera agertu zen. Kuartelera sartu, eskailerak igo eta kalera ematen zuen gela batean zeukaten Andoni. Esposatuta, noski, odol mantxaz beteta. Zortzi egun paseak ziren eta etxetik atera zen arropa berarekin zegoen. Aurpegia ez ezagutzeko moduan zeukan... Aulkian eserita zegoen eta gu sartzean Muñecasek altxatzeko esan zion. Muñecasek argi esan zigun: «Esto es lo que ocurre cuando no colaboran».

Hizketarako gai al zen? Konturatu al zen han zeundetela? Hitzik egiteko moduan ez zegoen, nahiz konturatu zen gu ginela. Hirugarren pisuko eskailerazulotik zintzilik eduki zuten, buruz behera, ordu luzez... egun bat baino gehiago. Aitortzen ez bazuen labanaz soka moztuko ziotela mehatxatu egiten zioten. Hori bainera, kirofanoa eta denak egin eta gero. Zortzi egun eta gero kartzelara eraman zuten. Han egun bat eduki eta berriro hamahiru egunez eraman zuten kuarteletik kuartelera. Ez zuen horretaz gurekin hitz egiterik nahi, baina esaten zigun Zarauzko kuartelekoa izan zela denetan gogorrena.

Aitaren eta zure etxerako bidea ez zen samurra izango.
Gu gazteak ginen, baina orain pentsatzen dut aitarentzat ikaragarria izan zela [isilunea].

Nola gogoratzen duzu Jesus Muñecas?
Tentea, argala... Ikusi nuen lehen aldian 27 urte zituen eta ordurako tenientea zen. Ia Andoni anaiaren adin berekoa zen.

Eskularru zuriak jantzita zaldi gainean ibiltzen omen zen.
Bai, hala diote.

«Sadiko» hitza erabili dute ezagutu zutenek bera deskribatzerakoan.
Zertzelada batzuk emango dizkizut. Mikel eta ni 1976an eraman gintuzten atxilo. Nik 31 urte nituen eta berak 20. Ordurako Franco hila zen, baina poliziaaparailua lehen bezala, berdin- berdin zegoen. Erramu Eguna zen, apirilak 11, igandea. Lehenengo Mikel anaia hartu zuten Ondarroan eta nitaz galdetu zioten. Ni ordurako Zarautzen bizi nintzen. Salbatore Mitxelena Ikastolan ari nintzen lanean eta Andu Lertxundi zen orduan zuzendaria. Etxean telefonorik ez neukanez, hari deitu zioten, bila zabiltzala niri abisatzeko esanez. Etxera etorri zen. Ez nuen serio hartu, ez dakit zergatik, eta konfiantza osoz etxean jarraitu nuen. Mikelekin nire bila etorri ziren guardia zibilak auzora, baina anaiak etxea zehazki zein zen ez zeukan arrastorik ere. Ez zioten sinesten eta joka hasi zitzaizkion. Azkenean nire autoa ikusi eta esan egin zien Mikelek. Tinbrea joka hasi ziren. Atea ireki eta pistola jarri zidaten. Mikel eta ni Donostiara eraman gintuzten. Etxean bertan gure koinatu-koinatak, Mario Onaindiaren Esther arreba, oraintsu hil dena eta haren mutil-laguna zeuden. Ikusiz gero haiek denak ere atxilotu egingo zituzten... baina hain zebiltzan presaka, nire bila denbora asko galdu zutelako, ez zutela etxea miatu. Oso haserre zeuden guardia zibilak... Gainera, guardia zibil bat hil berria zen. Tentsio altuko trenaren alanbreetan jarritako ikurrina kentzera joan eta elektrokutatuta hil zen. Antiguako kuartelera eraman gintuzten biok.

Han etorri zen infernua...
Eskailerak jaitsi eta patiora eraman gintuzten. Eskuinean ate berde bat ikus zitekeen eta han barruan, ezkerrean, aroztegiko atea. Hura zen tortura lekua. Barruan eskuinean bainera zeukaten, ur beltz-beltza zegoen barruan. Aroztegiaren sarreran Hidalgo zegoen, Gernikako kuarteleko kapitaina. Hura ere ederrak egindakoa zen... Mailua hartu, jo, eta burua ireki zidan. Berriro jo behar ninduen unean bertan beste batek gelditu egin zuen. Muñecas berak torturatu ninduen ni. Biluztu eta baineran burua sartu zidan. Konortea erabat ez nuen galdu, baina itotzeko zorian egon nintzen. Ondoren biluzik, eskuburdinetatik zintzilik pare bat ordu egon nintzen. Eskumuturrak ez nituen sentitzen. Mikeli trapuren bat jarri zioten babesteko, baina niri ez. Ordubetera zizko eginda nengoen eta harrituta geratu nintzen nola jarraitzen zuen Muñecasek kolpatzen. Galderak eginez. Batere haserretu eta berotu gabe, lotuta dagoen pertsona bat jipoitzen... Nik orduan ez nuen sinesten horrelako pertsonarik munduan egon zitekeenik, halako hoztasunez hura egin behar zuenik... Haren sadismoa neurririk gabea zen. Hiru egunez eduki gintuzten, eta, gero, etxera.

Begiratu al zenion? Zer ikusi zenuen haren begietan?
Bai, begiratu nion, inolako arazorik gabe. Hain zaude abailduta, beldurtuta, duintasuna galduta bezala... Izan ere, torturaren barruan hori dena sartzen da, ez dira kolpeak bakarrik. Zu pertsona bezala deuseztatzea dute helburu, zuri erruduntasun sentimendua sortzea nolabait. Bizi ezean, han sortzen den giroa ezin da hitzez azaldu.

Torturaz ari direnean orain badakit zertaz ari diren, bestela ez nuke jakingo zer den... ‘Pozten’ nau hortik pasa izanak, benetan esaten dizut. Nahiago dut hortik pasa izana, orain badakit zer den. Torturatua izan nahi dudan aurrez galdetuz gero, noski, ezetz esango nuke, baina behin pasa dudala...

Mikel ere zure antzera?
Ni baino okerrago. Lehenengo niri eta ondoren berari egin zizkioten torturak. Niri egindako dena eta gainera, kirofanoa. Taula batean etzanda jartzen zaituzte, gora begira. Gorputzaren erdia, gerritik gorakoa, airean daukazu. Hankak ondo lotu eta flexioak egiten jartzen zaituzte. Bizkarra eta ipurdi aldea zizko eginda eduki zituen hilabeteetan, dena belztuta. Niri horrelakorik ez zidaten egin. Aroztegitik atera eta erabat nahastuta nengoenean beste gela batera eraman ninduten; oinetako dendara. Handik Mikelen garrasiak entzuten nituen! Hura errematea izan zen...

Zein kargurekin atxilotu zintuzteten anaia eta biok?
Ez Mikel ez ni ez gintuzten ezer egiten harrapatu eta gure izenik ez zuen inork eman. Ez zeukaten inolako kargurik gure aurka. Andoniren anaiak ginela, besterik ez. Orduan itsu-itsuan egiten ziren sarekadak. Ondarrutar gehiago zeuden Antiguan atxilotuta. Angel Etxaniz, 34 dantzalekuko nagusia –neuk ikusi nuen, dena jipoituta–, eta Aitor Aramaio Erramu igandean eraman zituzten. Ostiral Santu Egunean Gorka Aulestia, Keparen lehengusua, eta gure lehengusina Agustina Arrizabalaga.

Torturaren okerrena zer da?
Pertsonaren azpitik sentitzen zara, pertsona ere ia ez zara sentitzen, eta horixe da nahi dutena. Beldurrak agertzen dira, erruduntasuna, ez dakizu zergatik gertatzen den... Oso giro arrotza eta esplikaziorik gabekoa sortzen da eta zugan duen eragina da okerrena. Beldurra ez zaizu denbora luzean joaten. Amesgaiztoak izaten nituen. Beti atzetik ikusten nituen...

Zuen etxean errepresioa gertutik jasan duzue. Bi arreba dira gure etxean atxilotu ez dituzten bakarrak. Hamar ginen, gurasoak eta zortzi anai-arreba. Hamarretik zortzi atxilotu gintuzten, aita eta ama barne. Orain errelatoaz ari dira. Bada hauxe da gure errelatoa.

Euskara eta Literatura irakasle izan zara urte askoan Zarautzen. Erretiroa hartuta zaude.
12 urterekin sartu eta 26 urte arte egon nintzen Lazkaoko beneditarren komentuan. Juan Joxe Agirre zaintzailea eta maisua izan genuen. Oso oroitzapen onak ditut. Zarautzen 40 urte daramatzat bizitzen, 1974tik. Ez dut esaten ondarrutarra ez naizenik, baina zarauztarra naizela bai [barreak]. Ikastolan aritu nintzen hiru urtez irakasle eta gero ‘Egin’ egunkarian itzultzaile. Institutuan Euskara eta Literatura irakaslea izan nintzen, zuzendaria ere bai. Tartean urte batzuk egin nituen Berritzegunean ere, zuzendari.

Erretiroa hartu nuenean Ondarroako euskara bilduz hiztegi bat egin nuen (Ondarruberbetan.com helbidea dago jasota). Grabazio asko egin nizkien herritarrei. Lanbideei lotutako etnografia datuak ere bildu nituen. Mila anekdota...