Jendetza batu da Bilbon ekainaren 8ko spotaren grabaketan
Jende andana batu da igande goizean Bilboko Guggenheim museoaren parean ekainaren 8ko giza katearen spota grabatzeko.
Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 8rako antolaturiko giza katearen spotaren grabaketak jendetza batu du igande goizean Bilbon. Herritar andana batu dira Guggenheim museoaren parean burutu dituzten grabaketetan.
Larunbatean Baionan abiatu zuten spotaren grabaketa eta astelehenean Donostian egingo dituzte grabaketak (15.00etan nagusia Kursaal inguruan), asteartean goizean Bardeetara deitu dituzte herritarrak eta Gasteizko unibertsitate kanpusera arratsaldean. Asteazkenean amaituko dituzte lan guztiak, Iruñean goizean eta Berriozarren arratsaldean. Parte hartu nahi duenak euren webgunean topatuko du informazio guztia eta harremana@gureeskudago.net helbidera idazteko eskatu dute antolatzaileek.