INFO

Hainbat gazte eragileren babesa jaso du ekainaren 14ko Baionako manifestazioak

Datorren ekainaren 14an Baionan euskal preso eta iheslarien alde egingo den manifestazioak Euskal Herriko gazte erakunde desberdinen babesa jaso du. Gazte mugimendu abertzale, sozialista eta zentristek agertu diote mobilizazioari.

Gazte erakunde desberdinetako kideen agerraldia, Baionan. (Sylvain SENCRISTO)

Euskal Herriko gazte mugimendu ezberdinek «Ni ere banoa» leloarekin ezaguna egin den ekainaren 14ko manifestazioa sostengatzeko agerraldia egin dute Baionan.

Departamentuko Gazte Sozialistak, MoDem alderdi zentristako Gazte Demokratak, Aitzina, Ernai, Ikasle Abertzaleak, ELB gazte, Euskaldun Gazteria eta Euskal Herria Zuzenean festibaleko gazteek eman dute haien babesa.

Egun Euskal Herriak bizi duen egoeraren aurrean «gazteriak mobilizatu behar» duela baieztatu dute. Deialdiak jaso duen sostengu sozialarekin bat egiten dutela nabarmendu dute.

Joan den astean iparraldeko hiru lurraldeetako hautetsi nagusiek bat egin zuten manifestazioarekin, besteren artean lurraldeko bost parlamentariak eta BABko auzapezak.

«Giza eskubideak, konponbidea, bakea» lelopean abiatuko da martxa ekainaren 14ean, 16.00etan Baionako Laugatik, eta euskal preso eta iheslarien giza eskubideen errespetatzea eskatuko diete manifestatzaileek Estatu frantses eta espainiarrari.