INFO

Ekainaren 8rako spota aurkeztu du Gure Esku Dagok

Apirilaren azken egunetan grabatu zuen ehunka herritarren parte hartzearekin eta gaur egin du publiko Gure Esku Dagok ekainaren 8rako spota. Asteartean Iruñea eta Durango lotuko dituen giza katearen inguruko xehetasunak emango dituela iragarri du herri ekimenak.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Eguneroko lanean dabilen okin bat, langile bikotea, musika talde bat, ikasle bat eta exekutibo bat ageri dira ekainaren 8rako Gure Esku Dagok aurkeztu duen spotean, inguruko jendea pozik korrika hasi eta denek elkarrekin ekiten diote bideari. Elkarri eskuak lotu eta azken eskuaren eskaintza ikusleari. Hori da ‘Gure esku bidea’ izenburuarekin erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak hedatu duen spotaren istorioa. Labrit multimediarekin elkarlanean egin dute Aitor Ortizek zuzenduta eta Gonzalo F. Berridi argazki zuzendari ezagunarekin.

Grabaketa lanak apirilaren azken egunetan egin zituzten Baionan, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Berriozarren eta Bardeetan eta ehunka herritarrek parte hartu zuten horietan.

Ekainaren 8rako xehetasunak asteartean

Spota sarean hedatu du Gure Esku Dago dinamikak eta hori zabaltzearekin batera asteartean ekainaren 8aren inguruko xehetasunak emango dituztela iragarri dute.