INFO
Elkarrizketa
Josu Juaristi
EH Bildu-ko europarlamentaria

«Hemengo borrokak Bruselan txertatzea izango da nire lana»

Donostiako GARAren erredakzioa utzi eta Bruselan izango du lantoki berria Josu Juaristik. Kazetari jantzia kendu eta «politikariena» eraman beharko du soinean, ezezagun egiten ez zaion eremu batean jarduteko. Kanpaina eremu «arrotza» egin zaiola aitortu badu ere, lanean hasteko irrikaz dagoela adierazi du.


Urte askoan jardun du Josu Juaristik Europar Batasunaren esparrua aztertzen eta honen gaineko bere hausnarketak plazaratzen. Inor gutxik baino hobeto ulertzen ditu kontinente zaharreko gorabeherak eta, orain, EH Bilduk joan den igandeko hauteskundeetan lortutako emaitzak direla medio, Bruselara joatea egokitu zaio. Ofizioa aldatu beharko du horretarako, kazetari jantzia kendu eta «politikariarena» jantziz.

Ze sentsazio utzi dizu EH Bilduk lortutako emaitzak? Aurrez zenituzten aurreikuspenak bete al dira?

Sentsazio onak utzi dizkidate emaitzek. Hego Euskal Herrian lehen indar politikoa izatea lortu dugu eta aurrera begira oso posizio onean kokatu gara, indartsu. Azpimarratzekoa da, era berean, indar orekatua garela -lehenengo indarra Araban eta Gipuzkoan eta bigarrena Bizkaian eta Nafarroan-. Alternatiba nagusia gara herri honentzat.

Herrialdeka, zer nabarmenduko zenuke?

Araba eta Nafarroako emaitzak nabarmenduko nituzke, batik bat. Araban kolpe ederra eman dugu mahai gainean eta Nafarroan oso posizio onean kokatu gara. Potentzial handia dugu eta gora egiteko bide asko. Gipuzkoako emaitzak ere nabarmentzekoak dira. Urte konplikatuak ari gara bizitzen gestioan, oposizioak darabilen jarreraren ondorioz batez ere. Herrialdean indartsu gaudela erakutsi dugu, ordea. Bizkaian, aldiz, EAJk herrialdeko alderdia dela erakutsi du.

Abstentzioaren datuak ze gogoeta eragiten dizkizu?

Beti esan izan dut alderdi handiak eta gobernu ezberdinak oso eroso daudela abstentzio maila altu batekin. Oraingo honetan ere ez dute kanpaina aktibatu izan nahi, beldurra diotelako jendearen parte hartzeari. Beldurra, bereziki, herritarren erantzunari. Hauek, ordea, eredu honekin nazka-nazka eginda daudela adierazi dute eta politika egiteko beste era bat aldarrikatu dute. Zentzu horretan, politika eta ekonomia demokratizatu egin behar direla uste dut. Hemen erabaki behar dugu, den-dena.

Kanpainan zehar hainbat aldiz luzatu diozu eskua EAJri, burujabetzaren bidean urratsak egiteko. Jeltzaleek, ordea, zentzu horretan azeleragailurik ez dutela zapalduko adierazi dute.

Guk argi daukagu herriaren gehiengoarekin egin behar dugula bidea. Alde horretatik, herriaren gehiengoa gatazkaren konponbideari begira dagoela iruditzen zait, honen konponbide demokratiko baten alde. Horren gakoa erabakitzeko eskubidea dela uste dut, eta bai guk bai Euskal Herriak hor kokatzen dugu geure burua. Guk eskua luzatuta jarraitzen dugu eta, nahiz eta jakin eredu sozioekonomikoari dagokionez talka egingo dugula, herri honen burujabetza eta eskubideen inguruan lana elkarri eskutik helduta egin beharko genukeela iruditzen zait.

Estatu mailako ezkerreko indarrek -IU, Podemos, Equo- emaitza onak lortu dituzte. Horiekin elkarlanean jardutea posible ikusten al duzu?

Podemos-ek lortu dituen emaitzak bereziki txalotu behar ditugu, eta zoriondu egin nahi ditugu horregatik. Elkarren artean ezberdintasunak ditugun arren, batzen gaituzten gauzak ere baditugu: erabakitzeko eskubidearen gainean eta eredu sozioekonomikoari egiten dizkiogun kritikak esaterako. Horregatik, elkarlanerako aukerak eta bideak izango ditugula uste dugu, baita Europan ere.

Galizian BNG-k ere oso emaitza onak lortu ditu, 80.000 boto inguru, erabakigarriak izan direnak Bruselan eserlekua lortzeko. Nola banatuko duzue eserlekua? Eta koalizioa osatzen duten gainerako alderdiekin?

Egun hauetan hitz egin beharreko kontua izango da hori. Bakoitzak lortu dituen emaitzak ikusi beharko dira, horiek aztertu, eta ondoren erabakiko dugu. Gaur-gaurkoz zehazteke dagoen kontu bat da, nahiz eta aurrez adostutako irizpide batzuekin jokatzen dugun. Gainerako alderdiek ez dute eserlekuaz gozatzeko aukerarik izango. Beraiek ere ongi ulertzen duten kontua da hori.

Nik Herriek Erabaki koalizioa osatzen duten gainerako alderdiei -Puyalon de Cuchas, Andecha Astur, Alternativa Nacionalista Canaria eta Unidad del Pueblo- eta, bereziki, BNGri, gure zorionik handiena eman nahiko nieke. Hauteskunde zailak izan dira, arazoak izan ziren hauteskunde egunean bertan hainbat hauteskunde-mahaitan, presio handiak izan dituzte... Hala ere, gure koalizioa apustu sendoa dela erakutsi dugu. Horregatik, txaloak merezi dituzte.

Estatu mailan PPk eta PSOEk izan duten gainbehera zeren ondorio izan dela uste duzu?

Bi faktore azpimarratuko nituzke. Alde batetik, alderdi-bitasuna eta trantsizioan lotu zuten eredu hori dardarka dagoela uste dut, geure bidea egin nahi dugun herriengatik batez ere. Bestetik, Estatu espainoleko herritarrak nazka-nazka eginda daude egungo eredu sozioekonomiko eta politiko injustu eta ustel honekin.

Eta zeren ondorio dela uste duzu, aldiz, Estatu frantsesean Fronte Nazionalak izan duen hazkundea?

Eskuinak utzi die libre bidea beren ideia faxista horiei zabalpena emateko. Eskuina lasterketa ero batean sartu da eskuin muturreko ideiekin, eta azkenengo egunetan ikusten eta entzuten ari garen jarrerak eskuin muturra elikatu dute. Ezkerreko faktorea, hala ere, oso garrantzitsua izango da Europan eta gure aldetik ahalik eta ongien egingo dugu lan gauzak bere onera eramateko.

Maila pertsonalean, zer suposatzen du zuretzat eurodiputatu izateak? Eta nola ikusten duzu zeure burua Bruselan?

Nik beti esan izan dut kazetaritza uztekotan Europako Legebiltzarrera joateko izango zela. Nik han neure burua hasieratik ikusten dut, beste kontu bat izan da kanpaina eta horrek dakarren guztia niretzat oso eremu arrotza izan dela. Baina Europako Legebiltzarra ez dut eremu ezezagun bezala ikusten. Jakinda gurea talde lana izango dela, benetan irrikaz nago talde lan horri ekiteko eta nire ekarpena egiteko.

Ze jardun gauzatuko duzu Bruselan? Hau da, gai guztietan eragiteko asmoa duzu edo Euskal Herriari nolabait eragiten dieten gaiei soilik erreparatuko diezu?

Denborak esango du gure jarduera zertan oinarrituko den. Hala ere, oso garbi daukat herri honetan dauden borrokak Europako Legebiltzarrean txertatzea izango dela nire lana eta, alderantziz, Europa mailan garatzen diren diren esperientzia interesgarriak Euskal Herrira gerturatuko ditugu. Oraindik erabakitzeke daukagu ze talde handitan sartuko garen, baita Legebiltzarreko ze batzordetan parte hartuko dugun.