INFO

Batasun gobernu palestinarreko kideak beren karguez jabetu dira

Al-Fatahk eta Hamasek adostutako batasun gobernuko kideak beren kargu berriez jabetu dira, Zisjordaniako Ramallah hirian. Exekutibo palestinar berriak dituen 17 kideetako 9 Aginte Palestinarraren kabineteko parte ziren.

Batasun nazionaleko gobernu palestinarreko kideak, beren karguez jabetu berritan. (Abbas MOMANI/ARGAZKI PRESS)

«Gaur, batasun nazionaleko gobernuaren eraketarekin, gure kausa nazionalari hainbeste kalte egin dion palestinarren arteko zatiketaren bukaera iragartzen dugu», adierazi du Mahmud Abbas Aginte Palestinarreko buruak.

Hamas eta Al-Fatahren artean oraindik tentsiorik sumatzen den arren, zazpi urteko zatiketari bukaerarako oinarria jarriz. Apirilaren 23an sinatu zuten adiskidetzerako akordioa.

Kabinete berria 17 kidek osatzen dute, 14 gizonek eta 3 emakumek, eta horietatik Aginte Palestinarreko kabineteko kide ziren. Gazakoak diren bost ministroetako hiruk ezin izan dute karguaz jabetzera joan, Israelek lurralde horretan ezartzen duen blokeo gogorra dela-eta.

Gobernuko kideen zerrendak ez du aldaketa handirik izan eta honakoek osatzen dute: Rami Hamdala izango da lehen ministro, Barne ministro eta Presoen ministro.

Ziadu Abu Amr lehen ministro ordea eta Kultura ministro izango da. Muhamad Mustafa ere lehen ministro orde eta Ekonomia ministro izango da, Shukri Bishara Finantza eta Planifikazioaren ardura hartuko duelarik.

Riyad al-Malkik Kanpo Arazoetako kartila bere gain izaten jarraituko du; Gazako Salim al-Saqqak Justizia ministro kargua hartuko du eta Adnan al-Huseinik Jerusalemeko Gaietarako Ministerioaren ardura izango du bere gain.

Honakoak dira gainerako ministerioak: Turismoa, Osasuna, Administrazio Publikoa eta Etxebizitza, Hezkuntza, Telekomunikazioak eta Garraioa, Nekazaritza eta Gizarte Gaiak, Emakumea, Enplegua, Gai Erlijiosoak, Tokiko Administrazioa eta Dohaintzak.

Israelgo Gobernuak berehalako erantzuna eman dio palestinarren urrats honi, eta nazioarteari eskatu dio osatu berri den Exekutibo hau ez dezatela aitortu.