Hiru hilabeterako isolamenduan sartu dute Ibon Iparragirre, erasotua izan ondoren
Navalcarneroko espetxeko funtzionario batek sabelean ukabilkada bat jo eta lurrean arnasik gabe utzi zuen Ibon Iparragirre. Larriki gaixorik dagoen presoa isolamenduan sartu dute datozen hiru hilabeteetarako.
Iparra Galdu Baik plataformak jakitera eman duenez, Navalcarneroko funtzionario batek Ibon Iparragirre erasotu zuen iragan ostiralean, sabelean ukabilkada bat emanez eta lurrean arnasik gabe utziz. Horrez gain, lurrean zela ere umiliatu egin zuela salatu dute.
Iturri horien arabera, erasoaren aitzakia Iparragirrek ziega txukun ez izatearena izan zen. Gertukoek esan dutenez, egoera hori ematea litekeena da, «bere gaixotasunaren ondorio zuzena baita gauzak nahastea, bai arlo fisikoan zein sikikoan».
Erasoaren ondotik, atzo, igandea, isolamenduan sartu zuten preso ondarrutarra eta bertan hiru hilabetez egongo dela ohartarazi dute. Egunean 23 ordu ematen ditu ziegan eta ordubeteko baimena du patiora irteteko.
«Muturreko egoeraz» mintzatu da Iparra Galdu Baik. Izan ere, Navalcarnerora sakabanatu zutenetik erizaintzak mantendu izan dute bere gaixotasun larria dela-eta (hiesa du) baina isolamendu ziegan sartzean «bere gaixotasunari fisikoki aurre egiteko zituen bitarteko apurrak galdu ditu eta psikologikoki eta animikoki oso oso ahul» dagoela ohartarazi dute. Senideek gaur hitz egin dute berarekin eta oso urduri zegoela nabarmendu dute.
Iparragirre Basauriko kartzelan espetxeratu zutenetik «familiak eta plataformak iragarri dugun helmugara ailegatzen ari gara: Ibon heriotzaren mugaraino nahi dute eraman».
Hiesa C estadioan dauka eta horren eraginez ikusmen arazo larriak ditu, arazo kognitiboak. Espetxean sartu zutenetik defentsak 500etik 100era jaitsi zaizkio eta 10 kilo galdu dituela adierazi dute iturri berberek.