INFO

Preso eta iheslarien aldeko ekitaldia sanferminetan

Azken urtean espetxea atzean utzi duten euskal presoei eta sorterrira itzuli diren iheslariei harrera egin diete gaur sanferminetan. Oraindik etxetik urrun direnak gogoan izan dituzte, batez ere gaixotasun larriekin oraindik kartzelan direnak.

Espetxetik irten diren presoak eta iheslariak, sanferminetako ekitaldian. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Urtero legez, azken urtean espetxetik irten diren euskal presoei harrera egin diete sanferminetan. Ehundik gora izan dira azken hilabeteetan espetxealdiarekin amaitu eta beren etxeetara itzuli direnak; 142 zehazki. Horiez gain, Iruñean izan dira baita ere erbestetik sorterrirako bidea hartu duten iheslariak.

Horiei guztiei sanferminetako zapi gorria jantzi eta tradizio bilakatu den bazkari herrikoia egin da Nafarroako hiriburuan.

Etxetik urrun direnak ere akorduan izan dituzte ekitaldian. Bereziki, gogoeta berezia egin dute gaixotasun larriekin oraindik kartzelan jarraitzen duten presoekiko.

Urteetan elkar ikusi ez dutenen topagune izan da gaur Iruñea.