Gaixo dauden presoak aske uzteko exijitu dute Gasteizen
Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Gasteizko kaleetan, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utz ditzatela aldarrikatzeko. Espetxeetan oinarrizko giza eskubideen urraketek dirautela eta horiekin bukatzea «lehentasunezkoa» dela esan dute, «bizitzak daudelako jokoan».
Sarek deituta, ehunka lagunek hartu dute parte Gasteizko kaleetan gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko manifestazioan.
Santiago ospitalearen ataritik abiatu den manifestazioaren pankarta Jose Ramon Lopez de Abetxuko gaixo dagoen preso gasteiztarraren senide eta lagunek eraman dute, osasungintzako langileekin batera. Pankarta aurretik, anbulantzia bat irudikatzen zuen ibilgailu bat eraman dute.
Horrez gain, gaixotasun larriak eduki arren espetxean jarraitzen dutenak gogoratzeko kartelak ere erakutsi dituzte, haien izenen eta gaixotasunen berri emanez.
Bukaerako ekitaldian salatu dute espetxean egoteak gaixoen egoera nabarmen kaltetzen duela. Horregatik, espetxe politika aldatzeko eta salbuespen neurriak bertan behera uzteko exijitu dute.
«Oinarrizko giza eskubideen urraketak diraute espetxeetan, eta horrekin bukatzea da lehentasunezkoa orain, bizitzak daude jokoan», nabarmendu dute.
«Salbuespen neurriekin behin betiko amaitzeko momentua da, gaixorik dauden presoak etxeratzeko eta dispertsioaren harresia botatzeko momentua da», gaineratu dute.