INFO

Nestor Basterretxea hil da, sortzaile nekaezina

Bermeon jaiotako artista, Hondarribian zendu da 90 urte zituelarik. Atzean uzten du urteetako lanarekin osatutako ondare artistikoa, euskal kulturan berebiziko garrantzia izan duena.

Nestor Basterretxea. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Nestor Basterretxea hil da larunbat honetan 90 urte zituelarik. Azken agur ekitaldia astelehenean egingo dute Donostian, arratsaldeko 20.00etan. Azken urteetako sortzaile nekaezinena izan zela esan liteke, bizitzako azken urteak ere lanean pasa baitzituen.

1924an Bermeon jaioa, atzerrian bizi izan zituen haurtzaroko urte gehienak, erbesteratuta. Estatu frantsesean lehenengo eta 36ko Gerrarekin, Argentinan ondoren. Migrazio horiek eskaini zieten, ordea, sorkuntzarekin lehenengo harremanak izateko aukera.

Emilio Pettoruti margolari argentinarrarekin batera hezi zen eta bere lehenengo lanak publizitatearen munduari eskaini zizkion. Maria Isabel Irurzun Urkiarekin ezkonduta, Euskal Herrira itzuli zen 1952an. Eta oinarri artistikoa areagotu egin zuen bertan, euskal sorkuntzaren talderik garrantzitsuenetako baten sortzaile bilakatuz. ‘57 taldea’ osatu zuen 1957an Juan Cuenca, Agustin Ibarrola, Jorge Oteiza eta beste zenbaitekin batera. 1966an sortu zen ‘Gaur’ taldeko bultzatzaile ere izan zen Chillida, Oteiza, Zumeta eta Sistiagarekin.

Jorge Oteizak bultzatuta, Arantzazuko basilikako kripta margotzeko lehiaketara aurkeztu zen Basterretxea. Eta irabazi egin zuen. Lanak erdizka utzi behar izan zituen ordea, Arte Sakroko Komisio Diozesarrak aginduta. 80ko hamarkadan bukatu zuen lan hura, zirrara eragin zuten margo modernoekin.

Eskultura izan da bere ibilbidean gehien landutako alorra, ‘Estelas’ eta ‘Cosmogónica Vasca’ lanek garrantzia berezia izan dutelarik. Euskal pertsonaia mitologikoak, naturaren indarrak eta euskal kulturako objektu tradizionalak biltzen dituen lana 18 piezak osatzen dute eta Bilboko Arte Ederren Museoaren esku utzi zuen 2008an.

Arte plastikoez gain, Basterretxeak garrantzia berezia hartu zuen euskal zinemagintzaren hastapenetan. 1963an ‘Operación H’ film laburra zuzendu zuen eta urtebete beranduago Frontera Films Irun ekoiztetxea jarri zuen abian, Fernando Larruquert argazkilariarekin batera. Biek osatutako taldetik euskal zinemak eman dituen bi lan nagusi jaio ziren: ‘Pelotari’ (1965) eta ‘Ama Lur’ (1968).

Txabi semearen heriotza lanean jarraitzeko arrazoi bilakatu zen Basterretxearengan. Halaxe zioen 2011n egindako elkarrizketan, 86 urte zituenean. «Artearekiko maitasunak heriotzarengan ez pentsatzen laguntzen dit». Eta halaxe jarraitu zuen, lanean, bizi legeak eraman duen arte.